Grumaleko langileek elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean

Uztarria.eus 2014ko ots. 14a, 11:39

13:00etan egingo dute elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Bertan izango dira besteak beste, Grumaleko eta Edesako langileak. "Multinazionalik gogorrenak ere ez die tratu hain txarra eman langileei eta langileen ordezkariei", salatu dute Grumaleko langileen ordezkariek.

Grumaleko langileek gaur, ostirala, elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 13:00etan hasita. Grumaleko langileez gain, bertan izango dira "Mondragon-Fagorrek kaltetutakoak". Besteak beste, Edesako langileak.

Patxi Isasmendi Grumaleko Langile Batzordeko lehendakariak azaldu duenez, "Fagor Etxetresnak konkurtsoan sartu zela iragarri zutenetik aukera gutxi izan dugu bai Mondragonekin eta bai Fagor taldearekin biltzeko. Bi talde horiek ez dira agertu ere egin prozesu honetan eta, hori gutxi balitz, aitzakia moduan, guztia Administrazio Konkurtsalak kudeatu behar duela esan digute".

"Multinazionalik gogorrenak ere ez die tratu hain txarra eman langileei eta langileen ordezkariei", salatu dute: "Bilerak egin ezina, erantzunik gabeko galderak, irtenbideak bilatzeko borondate eza, bazkide ez garen langileekiko erabateko mespretxua, bazkideen birkokatzeak, ordainketa boluntarioak... dira egoeraren erakusle". Hori dela-eta, "benetako birkokapena" eskatu dute, "etorkizunean inor ez dadin gelditu baztertuta".

Elkarretaratzean bildutakoek "bizi dugun egoeraren aurrean aurpegia eman dezala" eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari: "Edozein diru publiko Mondragon Korporazioan sartzen bada gu guztion irtenbidea kudeatzeko izan dadin nahi dugu. Horrela ez bada, bazkide ez diren langileen kaleratzeen konplize bilakatuko da Jaurlaritza".

ELAko ordezkariek agerraldia egin zuten astelehenean, eta Fagorrek eta Mondragonek bazkide ez diren langileak "mespretxatu" dituela salatu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide