Bi mahai-inguruko zikloa antolatu dute Plateruenan, Zenbat gune... hainbat une tituluarekin. Otsailaren 20an, bihar, guneei buruz hitz egingo dute, eta bertan Katakrakeko (Iruñea) Hedoi Etxarte, eta Astrako (Gernika) Leire Lopez Ziluaga ariko dira beren esperientziaren berri ematen.
Bigarren mahai-ingurua hilaren 27rako antolatu dute, eta han, uneakizango dituzte abiapuntu. Bertan, Kepa Urbieta Azpeitiko Kultur Mahaiko ordezkariaz gain, Euskal Herria Zuzenean festibaleko Eneko Etxegaraia, eta Gasteizko Hala Bedi irrati libreko Manex Agirre ariko dira berriketan.
Gainera, egun horretan Plateruena ez da izango Durangon kulturgintza hizpide izango den gune bakarra. Handik metro gutxira, Landako gunean Guk geure kulturaz kulturari buruzko gogoeta saioa antolatu dute, eta hara ere joatekotan dira Azpeitiko Kultur Mahaiko hainbat kide. Ahotsenea, Eskena, Karraskan, Kultura Abierta, Kultura Live eta MIE dira antolatzaileak, eta sortzaileak, antolatzaileak, hartzaileak, hezkuntzako eragileak, kazetariak eta interesa duen oro elkartu eta gogoeta egin nahi dute.
"Euskal Herrian kulturgintzan ari garen guztiok elkartu, nork bere eguneroko jardunetik hitz egin eta aurrera begira elkarturik zer egin genezakeen adosteko ordua dugula iruditzen zaigu". Horretarako, gune irekia izenez ezagutzen den metodologia erabiliz, iritzi trukaketa bultzatu nahi dute. Izena emateko, eta informazio gehigo izateko, egin klik hemen: http://geuk14.wordpress.com.