Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Erdian Partaidetzazko aurrekontuak ekimena jarri zuen abian joan den urtean. 2014ko aurrekontuen 500.000 euro jarri zituen herritarrek erabaki zezaten non inbertitu. 2013an, Urola Erdia bailarako bost udalerrietan egindako parte-hartze prozesuaren ondorioz, herritarrek zazpi proiektu lehenetsi zituzten milioi erdi euro horiek inbertitzeko. Hauek dira aukeratutako proiektuak:
1. Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro.
2. Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro.
3. Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro.
4. Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro.
5. Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro.
6. Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro.
7. Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro.
Prozesu horri amaiera emateko helburuz, eskualdeko batzarra egingo dute bihar, asteartea, Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Urola Erdiko udaletako ordezkariek, Azkoitiko Elkargunean. 19:00etatik 20:00etara izango da bilera, eta iazko prozesua baloratu ondoren, aurtengo prozesuari buruzko xehetasunak azalduko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritzaren buruan Martin Garitano diputatu nagusia eta Helena Franco Ogasun diputatua izango dira. Azpeitiko Udalak dei egiten die herritarrei batzarrean parte hartzera. Aurkezpenaren amaieran, bertan dauden ordezkariei galderak egin ahalko zaizkie. Amaitzeko, mokadua eskainiko zaiei bertaratutakoei.