Karmeldar Misiolarien ordenako kide gisa Espainiako eta Amerikako hainbat tokitan aritu ondoren, Martina Bastida Goenagak (1920-2013) bere bizitzako azken hogeita zortzi urteak Malagonen (Ciudad Real, Espainia) egin zituen. Jubilazio adina bete ondoren iritsi zen hara eta San Clemencio zaharren egoitzaren sorreran eta gidaritzan lanean urteak egin zituen.
Bastidak egindako lanak eta erakutsitako izaerak utzi dute lorratza, nonbait, bederatzi mila biztanlera iristen ez den Malagonen. 2013ko Errege bezperan hil zen Martina Bastida. Iazko urtarrilean bertan proposatu zuten Udalean alaba kutun izendatzea, eta izendapen hori martxoaren 11n bozkatu eta onartu zuten, aho batez.
Alaba kutun izendatzeaz gain, "Ahizpa Martina" zena gogoratzeko monolito bat jartzea ere onartu zuten udal mozio hartan, bere etxe izan zen zaharren egoitzaren aurrean. Oroigarri hori joan den urtarrilaren 4an, mojaren heriotzaren urteurreneko bezperan, inauguratu zuten. Ekitaldi hartan parte hartzera gonbidatu zuten Martina Bastidaren familia, eta Malagonen izan ziren haren ahizpa Bittori eta hainbat iloba.