Deskantsua hartu zuten, eta bost urte inguru isilean egon ostean, Sanjuandegiko festetan itzuli ziren. Gogotsu zeuden orduan, eta musika beste modu batetara bizitzeko erabakia hartua zutela aitortu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako elkarrizketan, beste filosofia batekin: "Ondo pasatzeko egin nahi ditugu kantuak, obsesionatu gabe, gu betetzeko, kontzertuetan ondo pasatzeko".
Ordurako grabatzen hasia ziren Berriz disko berria. Martxoaren 20an kaleratuko dute, eta herrian bertan kontzertua emango dute aurkeztu eta bi egunetara. Sanjuandegiko festetan agertu zirenean batetik eta bestetik deitu zieten, eta kontzertu gutxi batzuk eman dituzte, baina ez asko. Gogotsu daude Zea Mays talde bilbotarrarekin batera emango duten kontzertuan herritarrei disko berria aurkezteko.