Ander Arruti: "Talde hau helburuak lortzeko kapaz da eta play-offetan ikusiko gara"

Ander Arruti saskira jaurtitzen. (ISB)

Gutxika-gutxika, beste urteetako Ander Arruti ikusten hasi gara kantxa gainean. Arabarrak onartu du kostatu egin zaiola bere lekua topatzen, baina denboraldiko momenturik garrantzitsuenera iritsita, topera ikusiko dugula baieztatu du.

Gutxika-gutxika, beste urte batzuetako Ander ikusten hasi gara.

Egia da taldean nire lekua aurkitzea uste nuena baino gehiago kostatu zaidala. Iraurgira etortzea erabaki nuenean, arrazoi handienetakoa egokitzeko arazorik ez nuela edukiko izan zen, kluba ezagutzen nuelako eta Euskal Selekzioko kide Landerrek eta Beñatek bertan jokatzen zutelako, baina gauza bategatik edo besteagatik kostatu egin zait, nahiz eta gutxika-gutxika hobeto sentitzen naizen kantxa gainean. Positiboki begiratuta, orain hasten da denboraldiko garairik garrantzitsuena, politena, play-offetara sartzeko borrokan murgilduko garena, eta orain ondo aurkitzea oso garrantzitsua dela uste dut. Ia hobetzen jarraitzen dugun eta taldeari ahalik eta laguntza gehien eman ahal diodan.

Momentu txarrak edukitzea, postuan duzun konpetentzia zuzenarekin, ez da eramaten erraza izango, ezta?

Uste dut, maila honetan, kanpoko jokoari dagokionean, seguruenik talde onenetakoa izango garela, baina agian hasieran nik sumatu dudan erritmo faltagatik eta momenturik onenera iristea kostatu zaidanarekin eta Landerrek eman duen mailara egokitzea lortu ez dudalako, ez dugu eman genezakeena erakutsi kantxa gainean. Baina orain ondo gaude, eta bion artean laguntzen bagara, uste dut taldeari asko emateko moduan egongo garela.

Taldeak ez du behar den erregulartasuna topatu oraindik. Batzuetan sekulako neurketak jokatzen ditu eta hurrengoan, kantxatik at egoten zarete.

Batez ere etxetik kanpoko neurketetan ari zaigu hori gertatzen. Jokoan ondo hasten gara, baina bigarren edo hirugarren laurdenean hutsune handi xamar bat izaten dugu, partzial galanta egiten digute kontra eta gero horri erantzutea asko kostatzen zaigu. Agian talde gaztea garelako izan daiteke eta egia da, halaber, jokalari askok ez dutela maila hau gehiegi ezagutzen eta hemen ezin duzu erlaxatu. Etxetik kanpo jokatzen duzunean erlaxatzen bazara, edozein taldek irabazi zaitzake.

Egia da baita zorte txarra izan duzuela.

Bai, zorte txarra lagun izan dugu. Bi luzapen jokatu ditugu eta biak galdu eta uste dut alderantziz izan baldin bazen gauzak asko aldatuko zirela. Taldea gorago egongo zelako eta jokalariak ere bere burua gorago ikusten duenean konfiantza gehiagorekin jokatzen duelako. Beti pentsatu izan dut dinamika txar batean sartzen zarenean eta amaiera estuetara iristen baldin bazara normalena galtzea dela. Egoera zail horri buelta ematea oso zaila da. Orain kanpoan irabaztera behartuta gaude; izan ere, oso huts gutxi egin ditzakegu hemendik amaiera arte eta orain da momentua dugun guztia emateko.

Taldearen helburua play-offetan sartzea izaten jarraitzen du?

Bai, noski, eta gure esku dagoen dena egingo dugu helburu hori lortzeko. Uste dut oso talde ona daukagula, oso konpentsatua eta mailaren ezagutza ezak bakarrik ekarri digula neurketetan gehiegizko erlaxazioa eduki izana, berez alderantziz izan beharko zuenean. Tentsio eta oldarkortasun faltak neurketa asko galtzera eraman gaitu, baina talde hau helburua lortzeko kapaz da eta play-offetan ikusiko gara.

<pEta helburu hori gauzatzeko hurrengo bi neurketak derrigorrez irabazi beharrekoak dira.

Lehenengoa Marinen aurka eta etxean, gainera. Derrigorrez irabazi behar dugu, bestela alde egingo digute eta denbora gutxi gelditzen da gerora harrapatu ahal izateko. Gainera aberagea irabazteko aukera daukagu, han puntu bakarrarengatik galdu baikenuen. Eta gero Zornotzaren aurka beraien kantxan. Garrantzitsua izango da hura ere, bizkaitarrak arerio zuzena baitira play-offetan sartzeko borroka horretan. Beraz, irabazi edo irabazi, besterik ez zaigu gelditzen hurrengo bi partidetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide