Albizu ganadutegia 1971n etorri zen lehen aldiz Azpeitiko sokamuturrera. Azkeneko aldiz, iazko karnabaletan. 43 urte egin ditu, beraz; eta segidan. Joan den urteko udaberrian, ordea, ganadutegiari utzi zion, Sakakoari buruak salduta, eta aurten ez da karnabaletan izango.
Anton Albizuk, bere aita Martzelinoren lekukoa jaso zuen. Lau urte zituela joan zen Martzelino Lasturtik Olatz gertuko baserri batera bizitzera: Etxerre-ra. Pare bat behi zituzten orduan, eta trenean eta ahal zen moduan eraman zituzten. Antonek eta haren emazte Lourdes Udabek zeramaten ganadutegia. Martzelino 2012ko ekainean hil zen, 88 urte zituela.
Zezen Beltz elkarteak duela hiru urte argitaratutako Soka ez da eten dokumentalean Anton Albizuk esaten zuen ez dela erraza ganadutegi bat eramatea:
“Lehenago joaten zinen udaletxetara, eta dirua atera egiten zen. Baina orain joaten zara eta ‘krisia daukagu, ez daukagu dirurik eta ezin dugu, lehengo prezioan egin behar da’. Eta joaten gara pentsutara eta... Hogei pezeta azpitik, hemezortzi-hemeretzian ekartzen genuen orain lau-bost urte, eta orain… Azkenekoz gabon egunean ekarri nuen, eta artoa 43 pezetan pagatu nuen eta orain dela bi hilabete ekarri zena 36an-edo; zazpi pezeta bi hilabetean igo dizkigu. Plazetan ez digute igotzen eta hemen ez dago, ez dago…; baserri kontuan, zezenean eta osterantzean denean dago porrota handia. Hau zelan bukatuko den…”.
1971ko aldi hartan Botijo idiskoa ekarri zuten; baita jendeak gustura hartu ere. Dauden datuen arabera, Botijo-k dauka errekorra Azpeitian: 13 urtean segidan aritu zen. 19 urte zituela kendu zuten.
Albizu ganadutegiak Azpeitian 30. urtea zuenean erreportajea egin zuen Uztarria aldizkariak.