Jai Karnabaleko egitarauari azken orduko ekitalditxoa gehitu dio Udaleko Festa Batzordeak. Omenaldi bat izango da, eta Joxe Mari Zelaia, berriz, omendua.
Elegante egunez ohikoa dutenez, aurten ere 12:30-13:00ak aldera Itsasi Dantza Taldekoen artzain-inudeen konpartsa kalejiran aterako da, eta beraiekin batera danbor-jotzaile talde bat eta San Sebastian eguneko umeen danborradako karroza ere bai. Danbor-jotzaileena artzain-inudeetan azken urteetan berreskuratutako ohitura da. Eta, besteak beste, ohitura horren aurreneko urteetan talde horretan ibilitakoa da, besteak beste, igandean omenduko duten Joxe Mari Zelaia.
Artzain-inudeen konpartsak plazan egiten duen geldialdia tarteko, Mikel Ibartzabal Festa Batzordeburuak oroigarria emango dio Zelaiari Sanagustinpean.