Bada helburuak gauzatzerik

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Inauteriak direla eta Azpeitia Azkoitia ISBren eta Marín Peixegalegoren arteko neurketa larunbatera aurreratu zen. Ezohiko ordutegia gipuzkoarrentzat, baina ez da ezohikoa Iker Buenoren taldean garaipen beharrean egotea. Galiziarrek Iraurgik baino bi garaipen gehiago zituzten sailkapenean eta play off-etara sartzeko helburuan kontrario zuzena dira. Gainera kontutan hartuta joaneko partidan puntu bakarragatik galdu zutela kontutan hartuta basketaberagea ere jokoan egon zitekeen. Gaur galtzeak berriz, igoera kanporaketatik asko urrunduko lituzke Urola bailarakoak eta garaipena lortzera behartuta zeuden.

Hori jakinda Marinekoak jatera irten dira etxekoak. Uclések egundoko mina egin du, bai kanpoko jaurtiketekin eta baita kontraerasoan ere. Lucho Fernandezek ezin izan du ezta minutu bakar batean ere gelditu. Taldekideak aupatu ditu bere jarrerak eta defentsa oldarkorra egin dute benetan Iraurgikoek. Kanpotarren erasoa erabat gelditzen jakin izan dute eta erasoan berriz, ia jokaldi guztietan atera dute gauza positiboren bat. Aulkitik hasierako bostekoari atseden ematera irten direnak ere dinamika positiboan murgilduta jarraitu dute eta lehen laurden amaieran 22 eta 4 irabazten zuen Azpeitia Azkoitia ISBk. Egundoko errepasoa ematen ari ziren etxekoak, baina lanean jarraitu beharra zegoen. Kanpotik saiatu dira Peixegalegokoak baina erantzuna jaso dute Lasaren partetik eta horren ondoren Caballero epailearen lesioa etorri da, partida geldiaraziz. Egoera horrek jokalariak hoztu zitzakeen eta Javi Llorenteren mutilei berriz hasteko aukera eman eta zentzu batean horrela izan da, kanpoko jaurtiketak huts egiten hasi baitira etxekoak eta horrek esperantza eman dielako kanpokoei. Aranburu ere min egiten hasi da erasoan, baina gehienez 13 puntura gerturatzea lortu dute galiziarrek.

Atsedenaldian aginduak nahiko argi gelditu dira. Neurketara ez zitzaien itzultzen utzi behar galiziarrei eta horretarako onena beste kolpe on bat ematea zen. Lortu dute etxekoek eta berriz ere 20 puntuko aldea zabaldu dute, baina hutsak egiten hasi dira gerora eta kanpokoek lanean jarraitu dutenez distantzi hori murriztea lortu dute. Adonen eta Blair-en eskumuturrek 11ra jarri dute euren taldea, baina hortik behera ez da jaitsi. Hirugarren laurdenaren amaierara 59 eta 48. Guztia ez zegoen egina ezta gutxiago ere. Lanean jarraitu ezean galiziarrek min egiteko aukera zuten eta horrela erakutsi dute. Bandoumel taula azpian nagusitzen hasi da eta Javi Llorenteren mutilak zortzira gerturatu ditu. Uclések baina erantzukizuna hartu du berriz erasoan eta Ibargutxiren hirukoak sartzen hasi direnez, Marinekoen erreakzioa ezerezean gelditu da. Hala ere, luze egiten ari zen neurketa horretarako botikarik onena erasoak ahalik eta gehien luzatzea zen. Hori egiten saiatu dira eta nahiz eta ez beti lortu, abantailari eustea lortu dute behintzat. Azkenean playoffetan amesten jarraitzeko garaipena lortu dutelarik: 78-65.

Saskiratzaileak: (22-4/39-25/59-48/78-65)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (10), Uclés (17), Zubizarreta (2), Guridi (3) eta Okoye (8)-bosteko nagusia- Assalit, Ibargutxi (6), Zyle (9), Barberena (2), Lasa (16) eta Cubela (5).

MARÍN PEIXEGALEGO: Ferreiro (2), Fernandez (6), Adon (19), Aranburu (12) eta DiRugeris (5)-bosteko nagusia- Suarez (6), Bandoumel (7), García, Gonzalez eta Blair (6).

MVP: Lasa (18)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide