Eusko Jaurlaritzak bost milioi euro itzultzeko eskatuko dio Corrugados Azpeitiari

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko mar. 5a, 11:28

Corrugados Azpeitiako langileen elkarretaratzea, urriko epaiketaren bezperan egindako protestan.

Baldintza batzuekin jaso zuen diru publikoa Gallardo Taldeak, eta baldintza horiek ez ditu bete Jaurlaritzaren ustez. Bi lantegien inguruko epaiketaren epaia laster ezagutuko dela uste dute lagileek.

Eusko Jaurlaritzak Corrugados Azpeitia enpresari bost milioi euroak itzultzeko eskatuko dio. Hala jakinarazi du gaur, asteartea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Arrazoia ere eman du: "Enplegua eta jarduerak Euskadin mantentzeko konpromisoa ez betetzeagatik" hartu du erabakia Jaurlaritzak. 2012ko urtarrilean Azpeitiko lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro eman zizkion Gallardo Taldeari. Erkorekak esan du, dirua bideragarritasun plan bati lotuta eman zitzaiola Corrugados Azpeitiari, eta hiru baldintza zituela: "Enpresaren aldetik kudeaketa hobetzea, nazioartera begirako plan bat egitea, eta enplegua eta jarduera Euskadin mantentzea". Hitzarmen hori sinatu eta sei hilabetetara, ordea, Azpeitiko enpresak iraungitzeko Enplegua Erregulatzeko Txostena aurkeztu zuela gogorarazi du Erkorekak. Txostenean 60 langile kaleratzea aurreikusten zuen enpresak, baina EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabe jo zuen. "Epaiak garbi azaltzen zuen enpresak negoziatzeko asmorik ez zeukala eta ez zituela baldintzak bete".

Erkorekak adierazi duenez, urtebetean hainbat erreklamazio eta helegite egin ondoren eman du "azken pausoa" Eusko Jaurlaritzak. Corrugados Azpeitiak hitzarmeneko baldintzak ez dituela bete erabaki du, eta horregatik bost milioi euroak itzultzeko eskatuko dio enpresari.

Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak "Gallardo Taldeak ez zituela bete mailegua emateko ezarritako baldintzak eta Eusko Jaurlaritzari bost milioi euro haiek itzularaztea" eskatu zion joan den uztailean.

Langileak, pozik

Langileek pozik hartu dute Jaurlaritzaren erabakia, aspaldiko eskaera zutelako hori. "Horixe eskatzen genuen geuk ere, Gallardo Taldeak ez baititu bere betebeharrak bete. Beraz, jasotako laguntzak itzuli behar ditu. Kaleratuak izan ginenetik borroka horretan aritu gara".

Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, sindikatuek eskaera hori egiteko formulak bilatzen ari ziren. "Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egon ginen, eta haiek esan ziguten Jaurlaritzarekin jarriko zirela harremanetan. Berandu, baina egin dute eskaera. Orain, ikusi beharko dugu Gallardok kontuan hartuko duen ala ez".

Epaiaren zain

Urtarrilaren 27an Corrugados Azpeitia eta Lasao lantegien epaiketa egin zuten Madrilen, Auzitegi Nazionalean, eta epaia datozen egunetan ematea aurreikusten dute langileek. Bi enpresetako langileek bideragarritasun plan bat eskatu zuten epaiketan. Alfonso Gallardo Taldeak Azpeitiko 300 langile kaleratu eta lantegia itxi zuen iazko uztailean, Lana Erregulatzeko Txosten baten bidez. Txosten berarekin, Corrugados Lasao lantegiko 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardok iazko abuztuan.

Zuhurtzia osoz, baina itxaropentsu atera ziren epaiketatik Corrugados Azpeitia eta Lasaoko ELAko eta LABeko langile ordezkariak eta abokatuak. Epaiketan fiskalak langileen alde egin zuen, Gallardo Taldeak Konstituzioko artikulu baten aurka egin duela argudiatuz; ez zuen zehaztu, ordea, zein artikuluri buruz ari zen. Ordutik epai zain daude alde biak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide