Emakumeen Egunaren harira, hainbat ekimen antolatu dute datozen egunetarako

Uztarria.eus 2014ko mar. 6a, 12:50

Zapatuan da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Bilgune Feministak, Baigera Erretiratuen Elkarteak eta Ernaik hainbat ekimen antolatu dute.

Martxoaren 8an, zapatua, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, hainbat ekimen antolatu dute herrian datozen egunetarako. Bilgune Feministak ekitaldi sorta antolatu du zapaturako eta, besteak beste, pala txapelketa, elkarretaratzea eta emakumeen afaria egingo dituzte.

Bilgune Feministak antolatutako ekimenekin bat egin du Ernaik. Bilgune Feministak zapaturako antolatutako ekimenak babesteaz gain, indarkeria sexistaren inguruko saioa, hitzaldi bat eta dokumental emanaldi bat antolatu ditu Ernaik datozen egunetarako.

Bestalde, Baigera Erretiratuen Elkarteak emakume pentsiodunen egoerari buruzko gogoeta egin du, eta "salatu du azken urteetako politikak tarteko, ezberdintasunak, pobrezia, langabezia eta bizi baldintzen degradazioa nabarmentzen ari direla". "65 urtetik gorako pertsonen artean, genero ikuspegia kontuan hartuta hausnarketa egingo bagenu, egoera larrian aurkituko ginateke", esan dute Baigerakoek: "60 urte inguru ditugun emakumeak egoera larriak bizi izan ditugu, eta horren ondorioak ari gara jasaten orain ere. Gaur egun gobernu hartzen ari den murrizketa neurrien ondorioz, emakume pentsiodun gehienek txirotasun erlatiboaren azpitik ditugu pentsioak. Mundu produktiboak beste eraldaketa eta beste baliabide batzuek bila joan beharra dauka". Gainera, Udalaren lehentasunezko eginkizuna "prekarietate egoera larri hauetan dauden herritarrei (emakumeak izango dira gehienak), hurbiltasuna eta bitarteko eraginkorrak ematea" izan behar duela gaineratu dute. Horrenbestez, zapatuan, 19:30ean elkarretaratzea deitu dute Baigerakoek, plazan.

Hemen Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira herrian antolatu diren ekimen guztiak:

Martxoak 7, ostirala:

17:00etan indarkeria sexistaren inguruko saioa, Gaztetxean.

Martxoak 8, zapatua:

15:00etan Pala Txapel(fes)ta!

19:00etan elkarretaratzea anbulatorio aurrean, Gure gorputza, gure territorioa, gure erabakia lelopean.

19:30ean Baigera Erretiratuen Elkarteak antolatuta elkarretaratzea, plazan.

19:30ean triki-poteoa.

21:00etan emakumeen afaria. Sarrerak salgai daude Emakumeen Txokoan. Landunek 20 euro eta langabeek eta ikasleek 15 euro ordaindu beharko dute.

Martxoak 12, asteazkena:

18:00etan hitzaldia, Zer da feminismoa? Feminismoaren mitoak apurtzen izenburupean.

Martxoak 17, astelehena:

19:00etan No se nace mujer dokumentala, Gaztetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide