Organikoa birziklatzen ez dutenentzat saioak egingo ditu Udalak Etxebeltz-Izarran, asteazkenean

Uztarria.eus 2014ko mar. 7a, 20:01

Informazio saioak 10:30etik 12:00etara eta 18:00etatik 19:30era izango dira, Loiolako Ignazio etorbideko 83.ean Udalak duen lokalean (obrako botikinaren kartela duena).

Birziklatze tasak lortzeko asmoz bideratzen ari den ekimenen barruan, Etxebeltz-Izarrako eremuko auzotarrei propio zuzendutako beste bat abian jarriko du datorren astean Azpeitiko Udalak. Horrela, martxoaren 12an, asteazkena, informazio saio bereziak egingo dituzte, hondakin organikoak oraindik bereizten ez dituzten bizilagunentzat. 10:30etik 12:00etara eta 18:00etatik 19:30era izango dira, Loiolako Ignazio etorbideko 83.ean Udalak duen lokalean (obrako botikinaren kartela duena).

Saio horien bidez, organikoa birziklatzen ez dutenei hori egiteko bi aukera dituztela gogorarazi eta azalduko diete, "auzo-konposta egitea edo 5. edukiontzia erabiltzea". Auzo-konposta egitea erabakitzen dutenei izena emateko aukera eta informazioa emango zaie; 5. edukiontziaren aldeko apustua egiten dutenek, berriz, momentuan bertan jasoko dituzte pote marroia, giltza eta poltsak.

"Bizilagun guztiei bilerara bertaratzeko" eskatu die Udalak, "hondakinen arazoa guztiona" delako eta "irtenbidea eman nahi bazaio, guztion inplikazioa beharrezkoa" dela nabarmenduz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide