Etxetik kanpo ezin irabazi

Partidako une bat. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Azpeitia Azkoitia ISBk, partida guztian markagailuan aurretik joan eta gero, azken laurdenean lehen egindako lana zakarratera bota eta aurkari zuzen baten aurrean galtzen amaitu du.

Derbyak beti izaten dira gogorrak eta bereziak, baina jokoan zerbait dagoenean oraindik eta garrantzia handiagoa hartzen dute horrelako neurketek. Gaur Zornotza eta Azpeitia Azkoitia ISBren artean asko zegoen jokoan. Batetik, salbazioa lortzea, nahiz eta Askatuakek atzo irabazi, gaurkoan garaipenak lortzen zuena, ia matematikoki salbu egongo baitzen. Eta bestetik playoffetarako borrokan bete-betean sartzea. Zortzigarren sailkatua garaipen bat gehiagorekin bakarrik egoteak aukera hori ematen zien batzuei eta besteei. Eta Larrea kiroldegia bete egin da.

Iker Buenok Lander Lasaren (atzamarra puskatua) eta Xavi Assaliten (GBCrekin joan da Netoren lesioa dela eta) zituen neurketarako, baina taldea dena ematera irten da hasieratik. Uclesek erasoan min handia egin du kanpoko jaurtiketekin eta Guridik barneraketekin. Defentsan Imanol Zubizarretan nahiko ondo gelditu du gainera Quero. Etxekoek baina, defentsa sendotzeaz bat, kontraerasoan neurketa parekatzea lortu dute. Rowleyk baina bere hirugarren pertsonala egin du Uclésen barneraketa bati txapela jarri nahi izan dionean eta etxekoek baliabide garrantzitsu bat galdu dute minutu askotarako. Lehen laurdena 17 eta 21 amaitu da Beñat Barberenaren hiruko batekin. Bigarren laurdenean min egiten jarraitu du Arrasatekoak eta etxekoek estutu egin badute ere, aurretik mantendu dira gipuzkoarrak. Aldeak baina ez ziren handiegiak. Bizkaitarrek euren kanpoko jokoari esker bizirik mantentzea lortu dute. ISBk berriz, barruan Zylek zeukan nagusitasuna aprobetxatu du. Pase marrak gehiago estutu ditu orduan Iker Buenoren taldeak eta etxekoen erasoa zaildu du. Arruti gainera min egiten hasi da barneraketekin eta markagailuan distantzia jartzea lortu dute Iraurgikoek. Mikel Garitaonaindiaren mutilek ez zuten neurketa ihes egiterik nahi eta horretarako ahaleginak egin dituzte, baina kanpokoek zonakako defentsa hausten jarraitu dute eta atsedenaldira 39 eta 48 iritsi dira.

Aldageletatik bueltan eta Rowley kantxan zela, diferentzia txikitzen ahalegindu dira etxekoak. Amerikarrak zona barruan behar duen lekuak, kanpoko jokalariei espazioak sorrarazten dizkie eta Zornotzak jaurtitzaile finak ditu. Lorenzoren eta Carretoren eskumuturrak lau puntura gerturatu ditu eta gehiago ez dira izan, Arrutik ere min egiten jarraitu duelako beste aldean. Txakalaldia pasata Uclésen hiruko batek berriz ere 9 puntuko aldea jarri du, baina Rowley min egiten jarraitzen zuen erasoko errebotean. Amerikarraren laugarren faltak hala ere, berriz zona barruan nagusitzen hasteko aukera eman die gipuzkoarrei. Baina Zylek ez zeukan egunik onena eta ez dute aprobetxatzen jakin eta hirugarren laurdenaren amaierara 62 eta 69 iritsi dira. Laugarren laurdena hasi eta berehala hiru hiruko sartu dituzte etxekoek  partidari buelta eman diote, aurrenekoz markagailuan aurretik jarriz. Partidatik kanpo zeuden gipuzkoarrak eta epaileei begira jarri dira gehiago. Ez zeukaten grisezkoek lan erraza, baina egiari zor askotan ez dute asmatu. Etxekoak eroso zebiltzan joko horretan eta Lorenzok hiruko marratik 76  eta 71koa igoarazi du 6 minutu eta erdiren faltan. Bizkaitarrak erritmoaren jabe egiten hasi dira eta kanpokoen ahalegin orori erantzuna eman diote. Gainera prezipitazioak harrapatu ditu gipuzkoarrak eta hori sekula ez da lagungarri. Estutzen saiatu dira hala ere, kanpotarrak; puntu bakarrera  gerturatzea ere lortu dute bi segundoren faltan, baina jada beranduegi zen. Laurdenaren hasieran aurreko lana zaborretara botatzea ordaintzen amaitu du. Ez da lehen aldia, baina badirudi ez dutela ulertu maila honetan akatsak garestiegi ordaintzen direla. Azkenean:  86 eta 84.

Saskiratzaileak: (17-21/39-48/62-69/86-84)

ZORNOTZA SASKIBALOI TALDEA:Quero (5), Mendia (2), Salazar (8), Carreto (12) eta Rowley (11) –bosteko nagusia- Iglesias (10), Lorenzo (25), Ocerin, Moran, Angulo (1), Cruz (12) eta Calbarro.

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (19), Uclés (21), Zubizarreta (1), Guridi (15) eta Okoye (11) –bosteko nagusia- Oroz (1), Ibargutxi, Zyle (4), Barberena (7) eta Cubela (5).

MVP: Lorenzo (25)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide