Azpeitia Cup txapelketaren aurretiko faserako inskripzio epea zabaldu dute

Uztarria.eus 2014ko mar. 10a, 18:07

Iazko Iraurgi Cup Espanyol taldeak irabazi zuen.

Ia 30 taldek eman dute izena dagoeneko apirileko aurretiko faserako, eta lehen lau sailkatuek ekaineko Azpeitia Cup-en jokatzeko pasea eskuratuko dute.

Zabalik dago Azpeitia Cup txapelketaren aurretiko faserako izena emateko epea. Dagoeneko talde ugarik eman dute izena. Talde txikiak dira gehienak, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Kantabriatik eta Errioxatik etorritakoak. Apirilaren 25etik 27ra bitarteko asteburuan jokatuko dituzte aurretiko faseko partidak. Taldekako fasetan banatuko da txapelketa, eta lehen lau sailkatuek ekaineko Azpeitia Cup-erako paseak eskuratuko dituzte. Han, beste 20 talde handiren aurka aritzeko aukera izango dute: Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Reala eta Athletic, besteak beste.

Parte hartu nahi duten talde guztiek izena eman dezakete oraindik www.azpeitiacup.com webgunean edota info@azpeitiacup.com helbidera idatzita. Bertan, taldearen izena, jatorria eta jokalari eta talde tekniko kideen kopuruak zehaztu beharko dituzte. Izena ematen duen talde bakoitzak 200 euro ordaindu beharko du, eta prezioaren barnean sartuko dira jokalarien eta talde teknikoko kideen partida egunetako jatorduak, laguntza medikoa eta torneoko kamiseta bana.

Beste behin, Garmendipeko zelaietan jokatuko dute txapelketa, eta 2.000 jokalari baino gehiago espero dituzte antolatzaileek aurtengo aurretiko sailkapen faserako. Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko presidenteak adierazi duenez, "helburua da adiskidetasunaren txapelketa suspertzea eta zortzi urtez kirol egutegian finkatu den egitasmoa sendotzea". Hori lortzeko, webgune bat jarri dute martxan: www.azpeitiacup.com ataria, hain zuzen. Bertan argitaratuko dituzte txapelketaren inguruko berriak nahiz 2014an antolatuko dituzten egitasmoen datak eta horien informazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide