Badira hilabete batzuk Elkar-ekin taldetik Jatorri Aniztasunaz eta Elkarbizitzaz gogoeta bat abiatu genuela. Hilabete hauetan guztietan harreman ugari egitea lortu dugu, bai antzeko gaiak jorratzen dituzten beste herrietako udal eta taldeekin, bai Azpeitiko talde eta ikastetxeekin, bai eta jatorri ezberdinekoak diren hainbat azpeitiarrekin ere. Guretzat azpimarragarria da gai hau lantzeko dagoen gogoa eta ikusten den beharra guztien artetik.
Denon artean gai honen inguruko lanketa bateratuak bilatzea da gure xedea, jatorri ezberdineko azpeitiarren arteko elkarbizitzan sakondu, elkarrengandik ikasi eta denon artean herri justu bat egiteko lanean batera aurrera egiteko.Denon artean egoerari begirada bat eman eta egiten ari denaz eta egin daitekeenaz mintzatzea da gure helburua. Gaiarekiko interesa duten herritar guztiak daude gonbidatuak bertara. 18:30ean izango da Sindikatu Zaharrean.