Udalak diruz lagunduko ditu ur hornidura propiorik ez duten nekazaritza ustiategiak

Uztarria.eus 2014ko mar. 12a, 17:50

Deialdia udaberrian egitea aurreikusten dute, eta handik aurrera eskatu ahal izango dituzte laguntzak baldintzak betetzen dituztenek. Hiru hilabeteko ur hornidura kostua 60 eurotik gorako ordaintzen duten baserritarrek %70eko laguntza jasoko dute.

Ur iturburu edo gordailu propiorik ez duten eta Azpeitian dauden nekazaritza ustiategiak diruz laguntzeko erabakia hartu zuen atzo, asteartea, Udalbatzak ohiko udalbatzarrean, aho batez. Beraz, ur hornidura zerbitzu publikoa erabili beharra duten baserritarrek ordaindu beharreko kostua hiru hilabetean 60 eurotik gorakoa bada, %70eko diru-laguntza jasoko dute. "Lehenengo sektorea bultzatu eta bizirik iraun dezan laguntzeko helburuz" hartu dute erabakia. Behin oinarriak onartuta, Udalak deialdia udaberrian egitea aurreikusten du, eta ordutik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte baserritarrek euren eskaerak. 

Laguntza jasotzeko, ordea, hainbat baldintza bete beharko dute baserritarrek.Oinarrizko baldintza da ustiategia Azpeitian izatea. Bestetik, Nekazaritza Lan Unitatea (NLU) koefizientea 0,5 baino handiagoa izatea ere beharrezkoa da; eta azkenik, dagokien jarduera betetzeko sektoreko araudiek eskatzen dituzten baimen guztiak edukitzea eskatuko da. Hiru baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte diru-laguntzaren eskatzaileek. 

Laguntzak eskuratzen dituztenei sei hilabetez behin egingo zaizkie ordainketak, horiek ordaindutakoaren fakturen ordainagiriak aurkeztu ondoren. Diru-laguntzak Udal aurrekontuetan horretarako aurreikusitako partidatik finantzatuko dituzte, eta udalak aurrekontuetan finkatutakoaren araberako zenbatekoak emango ditu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide