Pelikula hau ezagutzen dugu

Partidaren une bat. (ISB)

Azpeitia Azkoitia ISBk, aurreko astean gertatu bezala, azken laurdenean zaborretara bota du aurretik egindako lan guztia eta liderrak erraz nagusitzen amaitu du.

 

Etxean sendotasuna erakutsi du bigarren itzuli osoan Azpeitia Azkoitia ISBk eta bide horretatik jarraituta play off postuetara jarraitzeko esperantzarekin daude Iker Buenorenak. Seguruenik denboraldia amaitu bitartean etxetik kanpo ere partidaren bat irabazi beharko dute helburu horri eusteko, baina etxean hutsik ez egitea gakoa da aurreko urteetakoa lortu ahal izateko. Oraingoz behintzat gertu dituzte postu horiek eta atzo Askatuakek irabazi eta gero oraindik eta gehiago. Egia da halaber, donostiarrek irabazi izanak bere arriskua ere badaukala, Iraurgiri gerturatzen hasi baitira euren salbazio bidean. Berriz distantzia jartzeko gaur Azpeitia Azkoitia ISBk garaipena behar zuen, prestigioko garaipena, liderra izan baita Azpeitiko kiroldegia bisitatu duena.

Iker Buenok, beste astebetez Xavi Assaliten baja izan du, GBCrekin Badalonan izan baita goizean, eta azken neurketetan bezala Zubizarreta gazteari eman dio aginte makila hasieratik. Erritmo bizia jarri ohi dio azpeitiarrak baina madrildarrek ez diote euren jokoari erritmo txikiagoa jartzen. Gainera Gonzalezek eta Perezek euren nagusitasuna jarri nahi izan dute taula azpian. Baina amorruz erantzun dute etxekoek, Arruti eta Cubelak kanpotik eta Zylek bikain erantzun dute eta 7 eta 2koa igoaraztearekin batera Armando Gomezek hutsartea eskatu behar izan du. Erritmoaren jabe ziren etxekoak eta Sanz kantxaratzea erabaki du Fuenlabradako entrenatzaileak. Joko antolatzaileak bere talentua erakutsi du jokaldi batzuetan, baina bai atzean eta bai erasoan ere nagusi izan dira gipuzkoarrak. Erasoan galdutako baloi batzuek eta De Pintok hiruko marratik erakutsitako abileziak baina bizirik mantendu dute talde madrildarra eta lehen laurdenaren amaierara 23 eta 17 iritsi dira. Bigarren laurdeneko lehen minutuetan estutzen saiatu dira kanpokoak. Ibargutxiren huts batzuk aprobetxatu dituzte puntu batera jartzeko, baina behin txakal-aldia pasata Lasaren eta Guridiren eskutik aldea zabaltzen jakin du berriz Azpeitia Azkoitia ISBk eta 6-8 puntuko aldea mantentzen jakin izan du minutu askoan. Uclések lortutako hiruko batek partidako errenta nagusia eman dio bere taldeari eta 43 eta 33ko emaitzarekin iritsi dira atsedenaldira.

Lander Lasaren hiruko batek zabaldu badu ere hirugarren laurdena, kanpotarren presioak eta intentsitateak zaildu egin du asko etxekoen jokoa eta gutxika-gutxika abantaila murrizten hasi dira. Burua jan diete madrildarrek gipuzkoarrei eta neurketa atsegina izan zitekeena sufrimendu bihurtzen hasi dira. 3 eta 9ko partzial bat tarteko Iker Bueno hutsartea eskatzera behartuta ikusi da. Partidaren kontrola galtzen zebiltzan etxekoak eta hori gelditu beharra zegoen. Ondo etorri zaie hutsarte hori ISBkoei. Burua hoztu eta presioa gainetik kenduta min nondik egin zezaketen berriz ulertu eta Uclések poste txikian lortutako puntuak tarteko eta defentsa asko sendotuta berriz alde egin dute markagailuan. Defentsak tartekatzeari ekin diote Armando Gomezenek eta pixka bat gerturatzea lortu dute horrela. Hala ere, ondo eusten zebiltzan etxekoak, Esperanza Mendoza epailearen show-a heldu den arte. Etxekoen aulkiari teknika bat eta berak bakarrik ikusi dituen bi falta jarraian adierazita etxekoei Fuenlabrada bi puntura jartzea ahalbidetu du: 58-56. Saskiratze trukaketa bat bihurtu da neurketa hortik aurrera eta neurketa oso parekatua ikusi ahal izan da. Jorge Sanzen hiruko batek lehen aldiz jarri du aurretik Fuenlabrada eta madrildarrak eroso jokatzen hasi dira. Joko antolatzaileak bereak eta bi egin ditu etxekoen defentsan eta hiruko festa hasi dutenez 3 minuturen faltan 7 goitik jarri dira Armando Gomezenak.  Prezipitazioa jota ibili da hortik aurrera Iker Buenoren taldea eta nahia eta ezina izan da kanpokoen erakustaldipean. Azkenean 70 eta 85 eta helburuaren bila beste atzerapauso bat.

Saskiratzaileak: (23-17/43-33/58-56/70-85)

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (9), Uclés (16), Zubizarreta, Zyle (8) eta Cubela (10)-bosteko nagusia- Oroz, Ibargutxi, Barberena, Agirre, Guridi (10), Lasa (9) eta Okoye (8).

FUNDACIÓN BALONCESTO FUENLABRADA: Lobo (10), Mbasongo, Perez (15), Smits (10) eta Gonzalez (12)-bosteko nagusia- Sanz (16), De Pinto (6), Walter, Aranburu (6) eta Moungouro (10).

MVP: Jorge Sanz (23)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide