Nire esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Mendinueta 2014ko mar. 17a, 11:18

Otsailaren 26an, Sanagustin Kulturgunean Gure Esku Dagok antolatutako hitzaldi zikloen baitan, Joseba-Felix Tobar-Arbuluk hitzaldi zinez interesgarria eskaini zuen. Erraz ulertzeko moduan azaldu zituen egungo ekonomiaren funtsak, eta bere pentsamendu kritikoa argi geratu zen, norabide guztietan hainbat bala bota baitzituen, Lucky Luke bailitzan, azkar eta zehatz.

Funtsean, Europar Batasunetik haratago estatu independente batek nola biziraun dezakeen (bai, posible da) azaldu zuen. Oso ondo azpimarratu zituen zenbait ideia, esaterako, dirua egon badagoela, nork agintzen duen (troika, Wall Street), edo gure nazio balioa enpresa txiki eta ertainetan dagoela, arlo ekonomikoan. Baina bereziki, gogoeta errepikakor hura: zertan ari gara? Maila teorikoan galduta gaude. Bala bat guretzat, tontoak gara.
 
Behin eta berriz pentsatu izan dut zein garrantzitsua den errealitatearen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoak, izan ekonomian, filosofian, hizkuntza mailan, hezkuntzan, matematikan, psikologian, soziologian zein zuzenbidean, menperatzea. Kalean baina, pentsalarien, zein geure gogoeten eztabaidak, ez dira ohikoak. Are gehiago, esango nuke jakinduriari nolabaiteko mespretxua egiten diogula, horiek frikien kontuak balira bezala. Oker gaude. 
 
Gure helburuak zehaztu eta garatzeko, esaterako, ezinbestekoa da estrategiak, ekintza zehatzak eta ekintzen bitartez nora iritsi nahi dugun, planifikatzea. Sistematikoak izatea, azterketa, balorazioak eta batez ere, kontrol lanak bermatzea. Banaka zein taldean. Era berean, hankak lurrean mantentzeko, ezinbestekoa da ameskerietan ez erortzea, eta gure benetako baliabideak zein diren eta berauekin nora irits gaitezkeen kalkulatzea, arrisku eta kalteak baloratzea, eta, ondoren, aukeratzea, erabakitzea, jakinaren gainean, ondorioak zein izan daitezkeen. Zentzu honetan, arduratsua izatea da komunitateko partaide gisa, bete behar den baldintza. Eta hori, gure esku dago, nire esku dago.
 
Nire esku dago, nire jakin nahi eta interesak asetzea. Nire esku dago, "status quo"-a zalantzan jartzea. Aurreiritziak gainditzea. Besteek esango dutenaren zain eta beldurrez ez egotea. Gustuko neska edo mutilarengana hurbiltzea. Nire ametsengatik borrokatzea. Eta nire esku dago, bereziki, komunitatearengatik eman dezakedana, hilero, egunero, orduero, minutuero edo urtean behin ematea, egokiena iruditzen zaidan moduan.

Izan nortasuna

Baina , nahi duguna ezagutu behar dugu, eta Tobar-Arbuluk zioen bezala, errealitatetik hasi behar da nonbaiteik hastekotan. Inguruan duguna ezagutu, ez ezer sinestu, gauzak zalantzan jarri. Horretarako entrenatu behar dugu geure garuna, jakinduria eta ezagutza pilatuz, askeago baikara unean uneko egoeren azterketa kritikoak egiteko eta helburuak finkatzeko. Gertakariek azalpen bat dute, bilatzen ikasi behar dugu, eta gure, norberaren, iritzia izan. Finean, nortasuna izatea, lantzea, eta eraldatzea, nire esku dago.
 
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide