Alfonso Gutierrez Loiolan azkarrena

Loiola sariaren podiuma. (Lagun Onak Txirrindulari Taldea)

Igande arratsaldeko laurak baina zertxo bat beranduago eman zitzaion irteera jubenil mailako XXXIII. Loiola sariari. 195 txirrindulari irten ziren Azpeitiko plazatik eta Azkoitia eta Iraetatik buelta ziztu bizian egin zuten. Zumarragan gora eguneko ihesaldi garrantzitsuena Aitor Picazok (Asesores de Navarra) burutu zuen, Mandubi azpira arte minutu erdiko diferentziari eutsiz. Hala ere, behin igotzen hasitakoan segituan harrapatu zuten eta aldapak bakoitza bere lekuan jartzeari ekin zion.

Mendatean gora pelotoia txikitu egin zen, talde txikitan sakabanatuz guztia. Hala ere beherakoan taldeak bat egin eta taldetxo handi zamarretan helmugaratu ziren txirrindulariak. Hogeiko talde bateko sprintean erabaki zen lasterketa, lekuz aldaturiko helmuga berri batean (Loiolabideko etxe berrietara sartuta) azkarrena Banco Santander taldeko Alfonso Gutierrez izan zelarik. Yeray Dominguez (Arabarrak) eta Ibai Azurmendik (Quesos Albeniz) osatu zuten podiuma eta lehen azpeitiarra Oier Ibarguren izan zen 7. postuan. Taldekako sailkapenari dagokionez berriz, maila handiko lasterketa izanik, Lagun Onaken 3. postu bikaina aipatu behar da Isidoro San Justo eta Beste Alde-ren atzetik. (ikus sailkapen osoa).

Goizean, Lagun Onakeko kadeteek Eibarren izan zuten lasterketa. 47 kilometro aurretik, 135 txirrindularik parte hartu zuten Abascalen oroimenezko proban eta bertan Aitor Zurdo (Limousin-Oriako) izan zen azkarrena. Ulma taldeko Aitor Txintxurreta eta Xabier Murgoitiok osatu zuten podiuma eta lehen azpeitiarra Aitzol Odriozola izan zen 7. postuan. (ikus sailkapen osoa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide