EAJk eskatu du Urola Erdiaren Garapen Ekonomikorako estrategia ez dadila "asmoen dekalogo hutsean" gelditu

Uztarria.eus 2014ko mar. 18a, 17:47

Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaleak adierazi duenez, taldeak "kanpotik Udalaren ateak jotzera etor daitezen zain ez egotea" erabaki du, eta jadanik hasi da lanean "gogoz eta diskrezioz".

Joan zen ostiralean, martxoak 14, Urola Erdiaren Garapen Ekonomikorako estrategia akordioa sinatu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko Udaletako eta alderdi politikoetako ordezkariek. Horren harira, "akordioa urrats nabaria da bide zuzenean, baina gauzatzen hasi behar da, ez dadin asmoen dekalogo hutsean geratu" adierazi du Azpeitiko EAJren udal taldeak. Bide horretan, Aitor Gorrotxategi jeltzaleen taldeko bozeramaleak jakinarazi du bere taldea dagoeneko "gogoz eta diskrezioz" hasi dela lanean sustapen ekonomikoaren arloan. Izan ere, eta ekimen horren baitan, martxaoren 6an, Azpeitiko Batzokian lehen lan saioa burutu zuten zinegotzi jeltzaleek, Xabier Altuna Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideak, Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Andoni Ortuzar EAJren presidenteak.

Gorrotxategik esan duenez, "EAJk kanpotik Udalaren ateak jotzera etor daitezen ez itxarotea" erabaki du: "Eragile aktiboak izan behar dugu gure herriaren sustapenean, Azpeitiak duen ekimenerako ahalmenean itxaropen osoa dugulako gaur eguneko krisi egoera honi buelta emateko, eta beti izan duen ahalmen eta bultzada ekonomikoa berreskuratzeko". Eta era berean, eta kontaktuak lantzeak duen garrantzia azpimarratuz, alkateari eta "Bilduko bost liberatuei" eskatu die "gure herriarekiko interesa izan dezaketen ekintzaile, gizarte eragile eta eragile instituzionalekin egin daitezken kontaktu zuzenetarako plan bat eta egutegi bat prestatu eta aurkez dezaten, abian jarri diren jarduera-ildoen berri emateko".

Urrats horretan aitzindaritza gobernu taldeak berak eraman dezala eskatu du EAJren udaleko bozeramaleak: "Ardura hori ezin dakioke utzi Iraurgi Berritzen Eskualdeko Garapen agentziari. Txalotu egiten dugu eskualdeko agentzia horretan lanean ari diren emakumeen eta gizonen profesionaltasuna, kemena eta dedikazioa, baina aitzindaritza gobernu-taldeak berak eraman behar du, eta ez da hori egiten ari, eszenifikatzea eta lideratzea nahastu egiten baitituzte. 2013ko Sustapen Ekonomikorako planak izan dituen emaitza pobreetan ikusi dugu, eta ez genuke nahi hori 2014an errepikatzea". 

Azkenik, Gorrotxategik berretsi egin du sinatu duten akordioarekin bere taldeak duen konpromisoa "legealdi honetatik haratago".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide