Marka berria ezarri du Opotiptipek XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian

Uztarria.eus 2014ko mar. 22a, 20:42

Opotiptip, Kipsang eta Kifle podiumean.

Ordubete azpitik egin du XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia Alex Opotiptip keniarrak: 59 minutu eta 58 segunduan, hain zuzen. Emakume azkarrena, aldiz, Marta Tigbea izan da (1:10:32). Lehen azpeitiarrak Xabat Manzisidor eta Nerea Azpiazu izan dira. 

Diego Garciaren omenezko XXI. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdi historikoa egin dute gaur arratsaldean. Aurreko marka 25 segundoan jaitsita, 59 minutu eta 58 segunduan ezarri du errekor berria Alex Opotiptip keniarrak. Segundu batera helmugaratu da Edwin Kipsang keniarra. Eta hirugarrena, Goitom Kifle eritrearra izan da (1:00:20). Emakumezkoen lehia ere bizia izan da oso. Marta Tigbea eta Bornes Jepkirui izan dira protagonista. Elkarrekin egin dute bide osoa, baina azken metroetan Tigbea nagusitu da, gutxigatik. Denbora berdina egin dute biek: ordubete, hamar minutu eta hogeita hamabi segundu. Malika Asahssah marokoarrak lortu du hirugarren postua (1:11:59). Parte hartu duten azpeitiarren artean, berriz, Nerea Azpiazu eta Xabat Manzisidor izan dira azkarrenak. Antolatzaileek adierazi dutenez, 900 korrikalari inguruk egin dute aurtengo maratoi erdia.

Lasterketa herrikoia ere egin dute gaur; 16:15ean hasi dira, proba nagusia baino ordu laurden lehenago. 250 parte-hartzaile inguru izan dira 7,5 kilometroko proban. Gizonezkoetan Endika Donnay izan da azkarrena, eta Aitor Madrazo eta Agustin Ruiz izan dira podiuma osatu duten beste bi lagunak. Nerea Egiak irabazi du emakumezkoetan, eta Ainhoa Conde eta Nerea Arriaga izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak.

Lasterketa herrikoiko sailkapena ikusteko egin klik hemen.

Maratoi erdiko sailkapena ikusteko, berriz, egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide