Tomate gehiegi horren arrautza gutxirako

Azpeitia Azkoitia ISBk merezitako jipoia jasotzen amaitu du talde handi baten aurrean, minutu askoan, ez jarrerarik, ez laguntasunik ez eta talde izaerarik ez duelako erakutsi.

Azpeitia Azkoitia ISB azkenaurreko sailkatua izanagatik, erdibidean aurkitzen da Zilarrezko LEB ligan, playoffetara begira jarri edo salbazioa lehenbailehen bilatu, nora zuzenduta amaituko duen ikusteke dago. Egia da igoera kanporaketara begira jarri denean galtzen amaitu duela eta gainera azken aldian eman dituen sentsazioak ez direla onenak izan, azken laurdenak madarikatu bihurtu zaizkielako. Baina ilusioa ere mantentzen jarraitu beharra dago eta horri eusteko beti hobe izaten da gora begira egotea, atzera ikusten jardutea baino. Horretarako baina, garaipenak batu behar dira, baita etxetik kanpo ere, eta hori izan da orain arteko gurutze-bidea Iker Buenoren taldearentzako. Dinamika hori puskatzeko gaurkoa ez zen plazarik egokiena, Caceresek euren zaleen aurrean azken partidan, lehen postua lortzeko azken aukerak ez zituelako baztertu nahi eta azkenean erraztasun osoz nagusitu dira etxekoak, izaerarik gabe jokatu duen talde baten aurrean.

Bikain hasi dute gipuzkoarrek partida. Egia da zenbait erasotan prezipitazioak jota ibili direla, baina erasoko errebotean min egin dute. Defentsan zuloren bat edo beste egon arren, etxekoen intentsitate falta aprobetxatu dute. Gainera Okoye nagusitzen ari zen taula azpian. 4 eta 11koarekin etxeko entrenatzaile Ñete Bohigas-ek hutsartea eskatu behar izan du eta neurketa guztiz aldatu da. Beste jarrera bat erakutsi dute Extremadurakoek eta Rakocevic eta Parejo kanpotik asmatzen hasi dira. Marcok hartu du partidako kontrola hartu du eta bere taldekideak oso eroso sentitu dira. Bai barneraketak eginez eta batez ere kanpoko jaurtiketekin. Azpeitia Azkoitia ISB partidatik atera dute etxekoek eta 24 eta 5eko partzial batekin 28 eta 17 amaitu dute lehen laurdena.  Odol jarioak jarraitu egin du bigaren laurdenean. Ibargutxik baloiak erraz galtzen zituen, Zyle desagertuta zebilen eta zonakako defentsa ere erraz hautsi dute Caceresekoek. Erraz ari ziren etxekoak, Rakocevic hirukoak sartu eta sartu eta zauri handitzen jarraitu dute. Gipuzkoarren intentsitate falta ikaragarria zen atzean eta erasoan, zenbaitetan gauzak ongi egin arren, aldea izugarria bihurtzen zebilen. Horri gehitu behar zitzaion Iker Buenoren taldeko barruko jokalariek faltekin arazo askotxo zituztela eta beraz, neurketa oso aldaz gora jarri da. Atsedenaldian: 54 eta 35.

Atsedenaldian asko hitz egingo zuten gipuzkoarrek aldageletan. Bestelako jarrera eta oldarkortasuna erakutsi duelako taldeak. Lander Lasak beregain hartu du erantzukizuna erasoan eta markagailua txukuntzea lortu du. Horri etxekoen gehiegizko lasaitasuna gehitu behar zaio. Baina erreakzio totala iristeko atzean ere gehiago estutu beha zegoen. Marcok erosoegi jokatzen jarraitzen zuen eta Ruizek eta Montañanak min egiten jarraitu dute. Parejorekin kantxan beste Cáceres bat ikusi da berriz ere. Eta horma horren kontra berriz txoke egin du Azpeitia Azkoitia ISBk. Uclés huts egiten hasi da defentsan eta erasoan baloiak galtzen hasi dira gipuzkoarrak. Hirugarren laurdenaren amaieran 74 eta 59. Hobetzen hasia zegoen taldea, baina asko falta zen oraindik eta laugarren laurdena hasi duten moduan, argi gelditu da, talde honek denboraldia azken postuan ez amaitzeko asko sufrituko duela. Askatuakek galdu izanak, oraindik bi neurketako abantaila ematen dio Azpeitia Azkoitia ISBri, baina datorren astean donostiarren aurkako derbyan horrela jokatuz gero… bakoitzak bere aldetik gudua egin nahi duenean gauza gutxi daude irabazteko, ezta lagunak ere, eta talde honi lagun eta taldekide moduan jokatzea falta izaten zaio askotan. Talde jokoa ez badago eta talde izaerarik gabe, dinamika okerrei buelta ematea ezinezkoa da eta aurrean gainera talde handi bat daukazunean, jipoiak jasotzen amaitzen duzu. Azkenean: 98 eta 70.

Saskiratzaileak: (28-17/54-35/74-59/98-70)

CÁCERES PATRIMONIO DE LA HUMANIDAD: Marco (10), Montañana (21), James (3), Rakocevic (18) eta Ruiz (9) –bosteko nagusia- Medina (3), Conejero, Bayle (4), Carter (11), Parejo (13) eta Kasse (6).

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Arruti (11), Uclés (13), Zubizarreta (3), Lasa (20) eta Okoye (14) –bosteko nagusia-Ibargutxi, Zyle (6), Barberena, Guridi eta Cubela (3).

MVP: Montañana (32)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide