Asteburuan hiru proba izan dituzte Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kideek. Zapatu goizean Beasainen izan ziren, arratsaldean Bergaran eta igandean Egian, Donostian.
Larunbat goizeko 10:30ean ekin zioten kadeteek eguraldi txarrak markaturiko asteburu luze eta gogorrari, Beasaingo XXXII. Usurbe Proban Beasaindik Alegira eta Alegitik Beasainera, bi buelta egin behar izan zituzte txirrindulariek ibilbide berri honetan, izan ere betiko Lierniko igoera kendu baitzuten. Tarteko helmuga bat izan zuten Beasaindik lehen aldiz pasatzean eta bertan azkarrena Aitzol Odriozola azpeitiarra izan zen. Bigarren buelta egitean berriz, 50 txirrindulariren arteko sprintean erabaki zen lasterketa Gorka Urkiola (Grosgreen Center) izan zelarik azkarrena. Bigarren, Azpeitian irabazi zuen Jokin Alberdi (Andoaingo) izan zen eta hirugarren berriz gure taldekide den Antton Sanjuan (Atracciones Sanz). Taldekako sailkapenean Lagun Onak 7.a izan zen. (Ikus sailkapen osoa)
Larunbat arratsaldean, Bergarako LI. Labegaraietako sarian izan ziren jubenilak. Partehartze handia espero zen eta halaxe gertatu zen, 180 txirrindulari baina gehiago izan baitziren irteeran. Lasterketa bizkorra, urduria baina aldi berean kontrolatua, ihesaldi txikiena irteterako kontrolpean izan zuten talde indartsuenek (Huesca la Magia, Flex Contador, Ciudad de Oviedo…). Honako lasterketa hau ere, aurreikusten zen bezala, sprintean erabaki zen. Sprint estua, gurpil bat baina gutxiagoaz irabazi baitzion Oier Ibargureni Onditz Urruzmendik (Fullgas.org). Hirugarren Alejandro Iglesias izan zen (Ciudad de Oviedo). Taldekako sailkapenean Lagun Onak hemen ere 7. sailkatu zen. (Ikus sailkapen osoa)
Aurreko eguneko hotz eta euriak eragina izan zuen igandeko Egiako jubenilen LI. Zumy sarian. 150 txirrindulari irteeran ibilbide goraberatsuari ekin zioten: 6 itzuli txiki Donostia eta Egia artean eta ondoren Oiartzun eta Astigarragatik barrena. Zirkuitu txikitik irten orduko Marti Marquezek ihes egin zuen. Atzetik Aratz Olaizola (Zarauztarra) eta Xuban Errazkin (Buruntzazpi) irten ziren eta azken hamar kilometrorarte egoerak berdintsu jarraitu zuen: Marquez bakarlanean, minutu batera bikotea eta pelotoia hiru minutu inguruan.
Olaizola eta Errazkinek azken kilometroan harrapatu zuten Huesca la Magiako txirrindularia, guztiz hustuta, eta hiruren arteko sprintean erabaki zen lasterketa Aratz izan zelarik azkarrena. Pelotoia berriz minutu pasatxora heldu zen Lagun Onakeko lehena helmugan Unai Orbea izan zelarik 13. postuan. (ikus sailkapen osoa)