Ur kontsumoari lotutako diru-laguntzak jasotzeko bi aukera dituzte baserritarrek

Uztarria.eus 2014ko mar. 27a, 16:55

Aukera bat da ekainaren 15era bitartean jasotako laguntzak aurkeztea eta gainontzekoak abenduaren 15erako uztea; horrela laguntzak bi zatitan kobratuko lituzke baserritarrak. Beste aukera faktura guztiak abenduraren 15erako aurkeztea da, horrela, urte guztiko laguntza ordainketa bakar batean jasoz.

Ur Kontsortziotik hornitutako baserriei ur kontsumoari lotutako diru-laguntza eskaintzea onartu zuen Udalbatzak martxoaren 11ko ohiko udalbatzarrean. Lehen sektorea lagundu eta bultzatzeko hartu zuten erabakia. Laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da, ordea, honako baldintza hauek betetzea: ustiategia Azpeitian egotea, Nekazaritza Lan Unitatearen (NLU) koefizientea 0,5 baino handiagoa izatea eta dagokien jarduera betetzeko sektoreko araudiek eskatzen dituzten baimen guztiak edukitzea. Baldintza horiek betetzen dituzten baserrien jabeek %70eko laguntza jasoko dute 60 eurotik gorako kontsumoan (BEZ gabe).

Baserritarrek diru-laguntzak jasotzeko bi aukera izango dituzte. Laguntzak ordainketa bakar batean jaso nahi izanez gero, ur kontsumoaren faktura guztiak abenduaren 15erako aurkeztu beharko dituzte; eta bi zatitan jasotzea nahiago izanez gero, birritan aurkeztu beharko dituzte: ekainaren 15era bitartekoak lehenengo, eta abenduaren 15era bitartekoak, gero. Eskaerak nahiz fakturak Udaleko harreran aurkeztu behar dira epe tarte horietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide