Euskadiko Kimuak, Mirandara

Espainiako Txapelketa prestatzeko asmotan asteburuan lagunarteko torneo bat jokatuko dute Miranda de Ebron (Burgos).

Azken asteetan maiz aipatu dugun moduan, Espainiako Kimu edo Mini mailako saskibaloi txapelketa Aste Santuan jokatuko da. Euskadiko Selekzioa iazko txapelketa ona hobetzeko nahiarekin ari da lanean, eta horretarako, ia astebururo elkartu dira azken hilabeteetan entrenamendu saioak eta lagun arteko partiduak jokatzeko. Oraingo asteburuan ere lana gogotik egin beharko dute jokalariek, baina berezia izango da lan hori, Miranda de Ebron (Burgos) jokatuko den torneo batean parte hartuko baitute. Bertan, mutilek zein neskek, Galiziako, Madrilgo eta Gaztela-Leongo selekzioak izango dituzte aurkari. Larunbat arratsaldean Gasteizen elkartuko dira Mirandara joateko, eta bertan egongo dira igande arratsaldean jokatuko duten partidua amaitu arte. Torneo honetan parte hartuko dute Iraurgi SBko Manex Ansorregik, Joseba Azpillagak eta Ane Sudupek.

Infantil mailako Euskal Selekzioak ere lanean jarraituko du asteburu honetan. Igandean, beste behin, goizez eta arratsaldez entrenatuko dute. Mutilek Loiuko Urdaneta Ikastolan egingo dute elkarretaratzea, eta neskek Gasteizko Samaniego Ikastolan. Azken deialdietan gertatu den modura, oraingoan ere, Euskal Selekzioaren entrenamendu hauetan egongo dira Iraurgi SBko harrobiko Shyam Azpiazu, Ana Ugarte eta Ainhoa Zuazolazigorriaga jokalariak.

Kimu txikiak Gipuzkoarekin

Kimu mailako txikienak Gipuzkoako Selekzioaren deialdia jaso dute asteburu honetan entrenamendua egiteko. Igandean izango da saioa arratsaldeko 17:30tan, Donostiako Manteo kiroldegian. Iraurgi SBtik jokalari hauek joango dira: June Zubiaurre, Maitane Goenaga, Judith Beristain, Edurne Bastida, Eneko Caballero, Jokin Errazu, Iker Larrañaga eta Jakes Odriozola.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide