Laburmetria honetarako ideia nondik etorri zen?
Neuri sortu zitzaidan. Laburmetrai berri bat egiteko ideiak astintzen aritu nintzen, eta garbi ikusten nuen tentsioduna izatea nahi nuela. Argi neukan sukaldeko eszena hori, tentsio une hori, eztabaidan ari direna zerbait gorde dutelako. Baina, zer gorde dute? Bi hilabete baino geihago pasatu nituen zer gorde zezaketen pentsatzen. Halako batean etorri zitzaidan ideia. Urteetan erotzen joan da, eta ezkutuan eduki dute.
Zergaitik zeneukan hain argi zerbait gorde behar zutela?
Tentsioa nahi nuen. Mila burutapenen ondoren horixe etorri zitzaidan. Basoa behar nuela argi ikusten nuen, misterio hori jartzeko, eta orduan baserri munduarekin lotzeko aukera ikusi nuen. Eta argi ikusi nuen gaur egun ere ezin zela kokatu, argi baitago laburmetraian etxean ezkutatzen dituzten hainbat gauza ezin direla gorde gaur egun.
1900 inguruan kokatuta dago, eta diozun bezala, Euskal Herrian bertan. Gainera, aktoreek azpeitiarrez hitz egiten dute nagusiki. Zergatik euskalkiaren aldeko apustu hori?
Norbaitek gaizki hartuko du agian, baina euskara batua faltsua bezala iruditzen zait eszena batzuetan. Goenkale, adibidez, une batzuetan ez zait naturala iruditzen. Egia da, Goenkale Euskal Herri osora zabaltzen dela, eta argi dago batuan egin behar dela. Baina, gure zirkuitua ez da horren zabala, orduan aukera gehiago ditugu. Gipuzkoar modura egiten saiatu naiz, azpeitiar-azpeitiar izatera itxi gabe.
Aktoreak herrikoak eta ingurukoak dira. Nola egin duzu aukeraketa?
Zenbait papel garbi genituen. Pedro Otaegirekin lana egiteko gogoa bageneukan. Idoia Urangaren papela egiteko, egia esan beste neska bati proposatu nion, harekin hitz eginda bainengoen hurrengo proiekturako deituko niola. Neska hura haurdun zegoen, eta nahiko zalantza izan genituen proposatu edo ez. Gero Idoiarena jo genuen. Deitu eta segituan baietz esan zuen. Bestetik, Lakrikun taldearekin ere egin izan dugu lan aurretik ere, eta orain ere bai. Itziar Eliasen papela egiteko gauza arraro bat gertatu zitzaigun: nik Itziar nuen buruan, eta Oihan Amezuak esaten zidan Azkotian ezagutzen zuela neska bat papel hori egiteko egokia. Biok Itziarri buruz ari ginen. Proposatu genion, eta baietz esan zuen. Haurrak, berriz, Itziarren alaba da bat, eta mutila aukeratzeko, berriz, Alaitz Olaizolak ematen dituen antzerki eskolara etorri ginen, eta Netzerrek kasting txiki bat egin zuen.
Lekeition 36. Euskal Zine Bileran saria lortu zenuten. Hortik sartu zineten laburbiran? Edo nola da horrako urratsa?
Aurreneko aldian, Zine Bilerako saria jaso eta hurrengo egunean iritsi zitzaigun Durangoko azokako Irudienean proiektatzeko aukera. Baietz esan genuen noski. Topaguneak antolatzen du Irudienea, eta baita Laburbira ere. Eta han ere sartu egin gintuzten. Eta aurten ere bai.
Laburbira aukera ona izango da zuentzat laburmetraia mugitzeko, ezta? Edo bada beste moduren bat?
Egia esan, internetekin asko zabaltzen da gaur egun, ez duzu derrigor sala bat behar. Gainera, gure helburua ez da mundu osoan zehar gure lana zabaltzea ere. Lana egiten gozatzen dugu, eta amaitu ondoren hurrengoarekin pentsatzen hasten gara segituan. Aio urruti gelditzen da jada. Laburbira ondo dago lana bizirik mantentzeko, eta hurrengo proiektuetako finantzaketa lortzeko.
Laburbiraren baitan ez dagoen laburmetraia bat ere botako duzue Sanagustinen, Hernanikoa. Nolatan?
Sanagustinen bitartez gurekin harremanetan jarri ziren laburmetraiaren egileak elkarlanean proiekzioa egiteko, Azpeitian eta gero Hernanin. Justu Laburbira Hernanitik pasatzen da hil honetan, eta beraz, Aio ez dugu berriz emango Hernanin, baina hemengoa aprobetxatuko dugu hura hemen botatzeko. Joxea'n hil eben, da laburmetraia, nahiko luzea, 40 minutu ingurukoa.
Erabaki produkzioak
Laburra: Aio.
Iraupena: 10 minutu.
Kamara: Oihan Amezua.
Audioa: Karlos Ibarmia.
Makilajea eta atrezzoa: Netzer Bereziartua.
Zuzendaria eta gidoigilea: Asier Sutaeta.
Erabaki Produkzioak. Sorrera: 2012. / Taldearen helburu nagusia zinema eta bideogintza indartzea da, film laburrak ekoiztuz. Aldi berean, Azpeitian dagoen hutsune eta gabezi bat betetzea nahi du, eta egindako lanak herriari erakustea. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak