Memorial Angel Lozano lasterketan parte hartu zuen Oier Ibargurenek, igandean, Valladoliden (Espainia). Estreinakoz, Euskadiko selekzioarekin irten zen errepidera azpeitiarra, eta taldekideentzat lanean jardun zuen. Ibargurenen hitzetan, estatu mailako lasterketak "oso desberdinak" dira, Euskal Herrian egiten dituztenekin alderatuz gero: "Uste dut hemengoak baino gogorragoak direla hango lasterketak. Guri egokitu zitzaiguna, behintzat, maldaz beteta zegoen. Gainera, igandean, izugarrizko beroa egin zuen". Indartsu irten zen txirrindularia, baina ezin izan zuen ihesaldian sartu.
Lasterketa baino bi aste lehenago esan zioten Ibargureni selekzioak hautatu zuela, eta "poz handiarekin" hartu zuen berria. Euskadiko selekzioak beste proba puntuagarri bat jokatuko du Federazio Garaikurra txapelketaren baitan. Oraindik jakiteko dago, ordea, azpeitiarrak selekzioko elastikoa jantziko duen.
Joan den urtean, kadeteen mailan, Euskadiko txapelketa irabazi zuen Ibargurenek, eta aurten pasatu da junior mailara. Txirrindulariaren helburua da Lagun Onakekin "lasterketaren bat edo beste irabaztea". Horretarako, taldean, "elkarri laguntzen" saiatuko dira. Azpeitiarraren arabera, oraingoz, ez dago "lider garbirik" taldean, eta "guztiek guztientzako" egiten dute lana.