Zer kontatzen du larunbatean aurkeztuko duzun animazioak?
Animazioak ez du istorio konkreturik kontatzen. Bata bestearen atzetik datozen gertaerak direla esan daiteke, non, elementu batzuk behin eta berriz errepikatzen diren. Animazioak Oiartzun izena hartzen du. Audioa, Oiartzungo andre bati eginiko elkarrizketaren zati bat delako. Nolanahi ere, irudiak eta soinuak ez dute harreman zuzenik.
Nola egin duzu? Zein da zure lan funtzionamendua?
Nik animazio analogikoa lantzen dut eskuz eginiko marrazkien bidez. Lan egiteko modua lineala da erabat, marrazki bakoitza fotograma bat da eta horiek lehenengotik azkeneraino bata bestearen atzetik doaz. Fotogramak, argi-mahai baten bitartez kalkatu egiten ditut, lehenengotik bigarrena ateratzen dut, eta horrela amaierara arte. Azkenik, marrazki/fotograma bakoitza digitalizatu egiten dut, gero ordenagailuan muntatu ahal izateko. Ez dut aurretik storyboard bat sortzen, hau da, aurre-planifikaziorik gabe, animazioaren nondik-norakoak momentuan sortzen dira.
Oiartzun animazio lanaren prozesua aurretik aipaturiko elkarrizketaren zati horretatik hasi zen. Lehenik, Ahotsak.com-ekoekin (Badihardugu Euskara Elkartea) harremanetan jarri nintzen elkarrizketa erabili ahal izateko baimena eskatzeko. Behin baimena lortuta, animazioaren irudikapenean hasi nintzen pentsatzen. Irudikapen hori bi argazkitan oinarritu zen nagusiki, bata Idalecio Ojangurenena eta bestea Alberto Schommerrena. Gero marrazkiaren bitartez, argazki horien irakurketa propioa egin eta animazioaren fotogramak egiten hasi nintzen.
Zenbat denborako lana da?
Animazioa lantzeak orokorrean denbora eskatzen du. Animazioa jorratzeko modu eta teknika ezberdinak daude, baina denek behar dute bere denbora. Nire kasuan adibidez, azken animazio hau egiten bi urte igaro ditut, ehuneko ehunean ezin izan diot denbora eskaini eta azkenean luzatu egin zait. Fotograma/marrazkiaren arabera, azkarrago edo motelago egiten da aurrera.
Zein oztopo topatu dituzu bidean?
Nabarmentzeko oztoporik ez dut topatu, bai ordea, momentu batzuetan lana albo batera uzteko gogoa. Azken finean, denbora pila bat daramazu lana garatzen eta adibidez, jada badakizu aurretik hiru minutu baino gehiagoko iraupena ez duela izango. Kanpotik begiratuta kontraesan bat dirudi, baina pertsonalki amaieran emaitza ikustea atsegingarria da.
Gipuzkoako Diputazioak emandako laguntza batekin egin duzu animazioa. Laguntza horiek beharrezkoak al dira artista gazteentzat?
Bai. 2012. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratzen dituen sorkuntza beken lehiaketara aurkeztu nintzen animazio proiektu honekin, eta urtebeteko diru-laguntza eman zidaten.
Laguntzak beharrezkoak eta askotan aukera bakarrak direla iruditzen zait. Praktika edo sormen artistikoa norbanakoaren gogoz egiten bada ere, nire ustez ez dio behin ere lan bat izateri uzten. Askotan laguntza ekonomikorik gabe zaila da beharrezko materialak zein azpiegiturak lortzea, eta horrelako laguntzek bidean aurrera egitea ahalbidetzen dute.
Zumaian aurkeztuko duzu, Napoka Iria taldearen kontzertuarekin. Zergatik Zumaian?
Zergaitik Zumaian? Nire arrebak eta bere mutilak, Beheko Plaza izena duen jatetxe/taberna hartua dute Zumaian eta animazioak proiektatzeko aukera eman zidaten. Beraiek kontzertuaren aurretik aperitibo italiarra prestatuko dute gainera. Normalean hilean behin antolatzen dute kontzertu edo ekintzaren bat bertan.
Napoka Iriakoak musikari bikainak izateaz aparte, oso gertuko lagunak ditut. Taldeko partaide den Ander Mujikarekin ikasi nuen unibertsitatean. Kontzertua + Animazio Proiekzioaren ideia planteatu nienean, gustura hartu zuten proposamena. Gainera, aurretik eginiko animazio baten musika Anderrek berak konposatutakoa da, eta beraz niretzat badu zentzua zerbait elkarrekin egiteak.
Beste bi animazio ere ikusgai izango dira larunbatean Zumaian? Zein lan dira horiek? Noiz eta nola egindakoak?
Bai, azkenengo honekin batera beste bi lan proiektatuko ditut, herriak II (2007) eta RDLS (2012) hain zuzen, azken honek du Mujikaren musika. Egiteko modua eta prozesua, azkenaren antzekoa da hauetan ere.
Zein arte diziplina gehiago lantzen duzu?
Lan-prozesuaren ideian sakontzea atsegin dut, eta normalean hori guztia osatzen/batzen duen diziplina marrazkia da. Marrazkia, oinarrizko diziplina bezala kontsideratu izan dut beti. Baina prozesuaren ibilbide horretan, diziplina ezberdinekin egiten dut topo, eskultura edo animazioa berarekin esaterako.