Jabetza pribatua ez da burgesia modernoaren asmakizuna. Gizakia lurra ustiatzen eta soberakinak sortzen hasi, eta hauek saltzeko merkataritza egituratu zuenetik hasi eta gaur arte, jabetza pribatua izan da, giza komunitate ezberdinen (ez guztien) bizimodua zuzendu duena. Marxentzat, eraldaketarako ezinbestean deuseztu beharreko instituzioa.
Historia pixka bat. Erromatarrak, erromatar-hiritartasuna zutenak, penintsula italikoko lurjabeak ziren; hiritar ez zirenak, ez. Nahiz eta guztiak leku berdinean (penintsulan) bizi, horrek jatorrizko ezberdintasun bat suposatzen zuen jendarte antolaketan; jabeek, erromatarrek, eskubideak zituzten, gainontzekoek ez. Guztiak ez ziren berdinak, jaiotzez. Esklabotza erlazioek, hemen, justifikazio osoa zuten, lur italikoetan bizi nahi zuten ez-hiritarrek, lan egin beharko baitzuten hiritartasuna lortu artean, jabeek, estatus horregatik, komunitatearen antolaketari, filosofiari, ekonomiari edota kulturari buruz eztabaidatzen zuten bitartean. Demokrazia omen.
Ondoren, agian, zu ere bai
Arautuak zituzten jabetzak jabeari eskaintzen zizkion eskubide eta aukerak: salerosketak, alokairuak, maileguak, gordailuak... Hain antolaketa 'ona'-k, Erromako inperioaren erorketatik 1.500 urte pasatu diren arren, bizirik dirau . Eskema bikaina burgesia modernoarentzat, non botere ekonomiko-politikoa eskuratzetik abiatuz, XVIII.ean garai batean elizaren eta jauntxoenak ziren lurrak lortu zituzten, euren beharren araberako sistema eraikiz, jabeek eta boteredunek askatasun, berdintasun eta segurtasunez bizitzeko aukera izanez, eta gizaki guztiek hori lor zezaketela salduz. Liberte, egalite, fraternite? Lehenengo ni, nirea; ondoren, agian, zu ere bai, errentagarria bazaitut.
Europan eta Ipar Amerikan garatu den demokrazia formala edukietan ez garatzea eragin du jabetza pribatuak. Idatzita daude eskubideak, onartuak, baina interferentziak daude gauzatzeko orduan. Ez dago justiziarik, ez bakerik, ez garapen jasangarririk. Trukean esklabotza, esplotazioa, biolentzia, istorio zikliko makabro gisa. Zergatik?
XXI. mendeko sozialismoa liburuan erantzun posible eta logikoa: azken 6.000 urtean, eskema berdinak errepikatzen direlako; lurrak ematen dizkigu bizitzeko baliabideak; lurrak eta baliabide hauek lortzeko, komunitate ezberdinen arteko gudak, konkistak, sakeoak, etengabeak dira. Lurra, merkantzia da, eskuratu edo saldu daiteke. Zikloa: lurraz eta bere baliabideez jabetu, eta jabe ez direnak lanera, euren burua saltzera behartuak. Bitartean, parlamentuetan, multinazional zein banketxeetan, jabego horri errentagarritasuna nola atera eztabaidatzen da, esku lanik egin gabe, arteaz, operaz, Dom Perignonez, kokainaz eta Txaikovskiz gozatuz.
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.