Hona Azpeitiko EH Bilduren oharra osorik:
Azpeitiko EH Bilduk, Aberri Egunaren harira antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egin nahi die azpeitiar guztiei. Beste behin ere, Euskal Herriak estatu izateko duen eskubidea aldarrikatu beharrean aurkitzen gara eta, hori horrela, apirilaren 19an Larresoron (Lapurdi), eta apirilaren 20an Iruñean ospatuko diren ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu.
Aurtengo Aberri Eguna oso une eta testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial berezian ospatuko da. Hain zuzen ere, herrien erabakitzeko eskubidearen eztabaida inoiz baino hedatuago dagoenean bai Europan eta bai Euskal Herrian. Europan, XXI. mendean eta demokrazian, herriek eta nazioek euren etorkizuna erabakitzeko muga bakarrak herritarren borondateak adierazten dituenak izan behar dute. Egun, Eskoziak, Kataluniak eta beste hainbat herrik egiten duen bezala, Euskal Herritik ere gure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu Europan eta munduan.
Zoritxarrez, euskal gizartean sortu den esperantza higatzea saiatzen ari dira bai Frantziako eta bai Espainiako gobernuak. Alde batetik, frantziar jakobinismoak Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargoa errealitate bihurtzea oztopatu nahi du, nahiz eta babes politiko eta soziala zabala izan. Era berean, atzerakada demokratiko nabarmenean murgilduta dagoen Espainiako estatuak, Espainia handia eta bakarraren diskurtso zaharrean lurperatu nahi du lurraldetasunaren eztabaida, Nafarroa Garaian aldaketa politikoa ekidinez eta EAEn estatusaren eztabaida estatutuaren erreforma huts batera bideratuz.
Egoera horretan, ezinbestean, arduraz jokatu eta akordio zabalak lortzeko unea da. Askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna eraikitzeko ordua da. Eta, beraz, inoiz baino ozenago, geure ikurrekin zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna publikoki adieraziz eta ekimenetan parte hartuaz, aldarrikatu ditzagun aurtengo Aberri Egunean ere dagozkigun eskubideak.