Koloredun mundua

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Illarramendi 2014ko api. 22a, 14:03

Nire munduen ibilbidea Albert Espinosa eta berak idatzitako El mundo amarillo liburuari buruz izan zen. Ibilbidea, Brujulas que buscan sonrisas perdidas liburuan idatzi zuenarekin amaitu nahi dut: "Inoiz ez diogu elkarri gezurrik esango... entzun arretaz! Gezurrez inguratuta gauden gizarte honetan, inguruan beti egia esango diguten pertsonak ditugula jakiteak asko balio du. Zu, nire egiazko munduaren zati izatea nahi dut... Zugan konfiantza osoa izan dezakedala, ez didazula inoiz gezurrik esango, eskatutako bakoitzean egia esango didazula jakiteak,  izugarrizko ziurtasuna ematen dit, sendotu egiten nau! Egiak munduak mugitzen ditu, kolore guztietako munduak. Egiak zoriontsu sentiarazten nau!".

Hau dela eta, nik ez dut nahi kolorerik gabeko mundurik, nik ez dut nahi kolore bakarreko mundurik, kolorez osatutakoa baizik, 'koloredun' mundua nahi dut! Mundu hau osatzen duten pertsonak koloredun pertsonak dira eta oparitzen dituzten esaldiak ere, mila koloretakoak dira.
Pertsona denok desberdinak gara, egun batean mundu horikoak; hurrengoan, aldiz, morekoak; batzutan, aldi berean bi mundukoak , urdinekoak eta berdekoak. Hala ere, norberaren koloredun munduan, norberak aukeratzen du ze kolorek duen indarra, zein kolorek irabazten duen. Norberak pentsatu behar du gehien ikusten den kolore horrek besteengan duen eraginaz eta, ez bada egokia, inoiz ez da aldatzeko berandu izaten.

Grisetik koloreetara

Nire bigarren artikuluan pertsona gris bati buruz idatzi nuen, hirukien ama izanda nola litekeen zapatu gau batean kalean ibili esaten zidanari buruz. Gogoratzen? Hainbeste aldiz oparitu zidan esaldi hark nigan izan zuen eraginaz ohartu eta damua adierazi zidan! Ez zitzaion pertsona grisa izatea gustatu eta 'koloredun' mundura aldatzeko gaitasuna izan zuen! Aupa hi! Ongi etorri koloredun mundura!
 
Mundu beltzekoari, aldiz, umea hil zitzaidalako Jesusengandik aldendu nintzela esan zidan hari, hobeto joango litzaioke grisaren bidea jarraitu eta bera ere ‘koloredun’ mundura aldatuko balitz. Baina batzuk ez dira ohartzen beraien munduak kolorerik ez duenik edo behintzat gehien ikusten den kolorea beltza denik. Hor doaz besteen koloredun munduak zapuzten, hor doaz kolorerik gabeko esaldiak oparitzen!
 
Nik inguruan nahi ditudan pertsonak koloredun mundukoak dira, kolorez betetako pertsonak, horiak, zuriak, berdeak, urdinak, arrosak... Koloredun esaldiak oparitzen dituztenak, balorez beteriko pertsonak, egizaleak, besteen lekuan jartzen direnak, besteen mina arintzen dutenak, garbiak, hainbeste maite ditudan irribarreak eta besarkadak oparitzen dituztenak...
 
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestiak dion bezala: Nork agindu ote du kolore bakarra, egunero irten ahal bada ostadarra.
 
Eskerrik asko.
 
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide