Neke hori saihesteko, askotan ez garena garela esan izan dugu, eta ez atzerrian bakarrik. Baita Euskal Herrian ere. Ikasle garaian, Gasteizen, etxearen errenta ordaintzera Vital Kutxaren bulegora joaten nintzenean, ez nuen ordaintzaile moduan neure izena jartzen, pisukide batena baizik. Izan ere, tramitea luzatu egiten zen geure izena erabiliz gero, eta pisukide baten izena esaten nuen, tramitea lehenbailehen bukatzeko, eta bulegotik haserretu gabe irteteko. Pentsa, izena hizkiz hizki esanda ere gaizki apuntatu izan zidaten.
Gauza bera gertatzen zaigu atzerrian "nongoa zara?" galdera egiten digutenean. Gehienetan, baina ez beti, garena esaten dugu, baina neketsua izaten da. Izan ere, askotan azalpen gehiegi eman behar izaten dira euskalduna zarela esaten duzunean. Batzuek badakite non dagoen, beste batzuek zerbait entzun dute, baina ez dute kokatzen. Badira inoiz izena entzun ez dutenak ere. Eta azalpenak eman behar izaten dira: geure hizkuntza, kultura, ohiturak ditugula; ez dela inguruko hizkuntzen familiakoa, oso diferentea baizik.
Eta garrantzitsuena ez dena, baina garrantzitsutzat hartzen duguna: kokapena. Orduan, Espainia eta Frantzia aitatu behar izaten dira, erreferentziatzat hartzeko, esplikatzeko, ulertarazteko.
Besterentzat, gehiegitxorentzat, Espainia eta Frantzia direlako gara.
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.