Estimatzekoa

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2014ko api. 24a, 11:55

Urrezko liburuak letu dut azalean, liburutegiak 50 urte beteko dituela apirilean. Barruko orrialdeetan letuz jakin dut 1964ko apirilaren 5ean ireki zutela. Erretratuan, garai hartako erretorea (beharbada), eta Felix sakristaua ezagutu uste izan ditut. Beste inor ez. Gustura jakingo nuke zein zen herriko giroa orain dela 50 urte...

Joxe Mariri letu diot urte haietan kalekumea beste inor ez zela joaten bibliotekara. Eta gu haietakoa izan! Ez genuen, hala ere, nahi orduko hara sartzerik izan. Zazpi urte beteak behar ziren bibliotekara sartzeko. Badakit zain egon behar izan nuela, urtea pasatu zain egon behar, edadea izan eta barrura sartzeko. Ez dakit zein zen orduko liburuzaina, ez dakit Rafael Amexua zen han, baina akordatzen naiz zazpi urte bete nituen egunean bertan egin nuela barrura, baten bat ni baino zaharragoa ondoan nuela.
 
–Zenbat urte dituk? –orduko liburuzainak mahaiaren beste aldetik, goitik, niri galdera.
 
–Zazpi. Gaur bete ditut.
 
Eta horrelaxe sartu ginen lehenengo aldiz.

Umeen erreinua

Hura dena liburuz betea zegoen, baina ez zen pertsona larririk ageri. Hura umeen erreinua zen. Eta, hasteko, jaietan estanko txikian hartzen ez genituen bezalako irakurgaiak zeuden. Eta, hasteko, Tintinenak nahi zituen jende askok... Eta nire buruan barrundan ez dut ikusten jende asko ere, baina bai mutil koadrila bat hango zenbait mahaitan Tintinak eta gainerako liburukote ilustratuak ikusten. Ze, askotan guk ez genuen askorik letzen, liburuak ikusi egiten genituen guk.
 
Eta isiltasuna. Lekuari errespetua, beharbada, Iturri-txikiko biblioteka ez zen-eta ireki zaharra. Gauza berria. Misterioa. Beste alde batetik, erakutsita geunden, ondo erakutsita ere,  isilik egoten! Elizan, isilik. Eskolan, isilik. Bibliotekan, isilik. Isiltasunaren legea zen, eta legea ez betetzeak zigorra zekarren han eta hemen. Beharko isilik egon!... Isiltasun hori gogoan dudala, irribarre egin dut neure kolkorako Joxe Marik kaleratze kolektiboak ere egin zituela letu dudanean. Ez ziren mutiko errazak, Iban txiki hura eta!
 
Nirekiko, Iturri-txikiko, edo "bonberoen ondoko" biblioteka hura benetan zen biblioteka, liburuak letzeko lekua, edo maileguan hartu eta etxera eramateko tokia. Liburua Enparan dorretxera aldatu zenean kanbiatu zen bibliotekaren funtzioa ere. Garaia ere bestela etorri zen, dudarik gabe, tokiak berak askoz aukera handiagoak ematen zituen, eta ematen ditu gaur egun, eta biblioteka izandakoa ikastegi ere bihurtu zen neurri handi batean: liburu artean lan egiteko eta ikasteko toki aproposa. Eskolako lanak egiteko eta azterketak prestatzeko leku ederra. Eta, gainera, hantxe irakasle laguntzailea ere: Joxe Mari, honetan eta hartan laguntzeko beti prest ikusi nuen laguna.
 
Oraingoak ikusi ditudan bezala. Laguntzaile. 
 
Estimatzekoa da.
 
Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide