Bertan, 2014ko aurrekontuen onarpenaz jarduten da, esanez horiek Azpeitia 2025 Plan Estrategikoaren, alderdi politikoen eta azpeitiarren ekarpenekin egin direla. Eta, hala egingo zela erabaki zen Bildu, EAJ eta Hamikabaten artean, baina ez zen horrela izan. Horrexegatik aurrekontuen kontra bozkatu zuen Hamaikabatek:
- Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa
Plan Estrategikoa egin zenean, eta hura baliorik gabeko dokumentu bat ez izateko, 2014-2015 aurrekontuekin lotzea garrantzitsua zela izan zen hiru alderdien erabakia, horrela urtero ebaluatzeko eta eguneratzeko. Nahiz eta batzordean Hamaikabatek eskatu zuen hainbat aldiz, ez zen saiakerarik egin. Aurrekontuak lantzeko hilabeteetako prozesu guztian ez zen Plan Estrategikoaz hitz egin. Zertarako egin zen Azpeitia 2025 prozesua?
- 'Denon artean'
Hamaikabatek hainbat aldiz eskatu zuen parte-hartze prozesu horren informazioa. Batez ere, jakiteko zer ekarpen egin ziren eta horiek aztertzeko, eta zeintzuk jaso ziren aurrekontuetan ikusteko. Informaziorik ez zitzaigun eman eta ez zen minutu bat eskaini 'Denon artean' parte-hartze prozesuaren ekarpenak aztertzeko. Zertarako balio du parte-hartze prozesu batek, bere emaitzak ez badira aurkezten eta aztertzen udalean?
- Alderdi politikoen ekarpenak
Hamaikabatek bere ekarpenak aurkeztu zizkion alkateari 2014ko aurrekontuetan kontuan hartzeko. Baina alkateak ez zion kasurik egin, ezta egindako ekarpenei erantzun ere. Aldiz, EAJrekin akordio batetara heltzen saiatu zen aurrekontuak onartu ziren eguneko udalbatzako azken segundura arte. Logikoa iruditzen zaigu, gainera. Baina, zergatik ez zen saiatu Hamikabatekin?
Arrazoi horiengatik, Hamaikabatek 2014ko aurrekontuen aurka bozkatu zuen. Errespetu falta bat iruditu zitzaigun eta horrela salatu genuen udalbatza hartan. Errespetu falta bat iruditzen zaigu Azpeitia 2025 Plan Estrategikoan eta 'Denon artean' prozesuan parte hartu duten herritarrekiko ere.
Alkateak eta Bilduk, ezin dute erabili Azpeitian Zer? aldizkaria gezurra esateko. Ezin diote gezurrik esan azpeitiarrei.
Azpeitiko Hamaikabaten blogean argitaratutako testua.