'Nola lortu krisi garaian familia indargune izatea?' saioak antolatu ditu Udalak

Uztarria.eus 2014ko api. 25a, 18:30

8 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoentzat dira eskolak, eta apirila eta maiatza bitartean eskainiko dira. Parte hartzeko, hilaren 28a baino lehen, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joan edo 943 157 192 telefono zenbakira deitu daiteke.

8 eta 18 urteko seme-alabak dituzten gurasoentzat, Nola lortu krisi garaian familia indargune izatea? saioak antolatu ditu Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak, Guraso Eskola proiektuaren baitan. Sei saio eskainiko ditu Izar Arregi psikologo eta terapeutak, apirilaren 30etik maiatzaren 4ra. Eskolak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira: euskaraz, 15:15etik 16:45era; eta, gaztelaniaz, 18:00etatik 19:30era.

Saio horietan parte hartzeko, apirilaren 28a baino lehen, izena eman behar da Udaleko Gizarte Zerbitzuetara joanda edo 943 157 192 zenbakira deituta. Parte-hartzaileek hamar euro ordaindu beharko dituzte, baina laguntzak egongo dira pagatu ezin duten pertsonentzat. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dute.

Honako helburuak dituzte saioek: hausnartzea banakako eta familiako garapenaz eta gizarteko garaiaz, pentsaraztea familiako elkarbizitzan eragiten duten aldagaiez eta ikastea zein diren familiako giroa indartzeko komunikazio moduak eta estrategiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide