Gipuzkoako Txapelketa irabazi du Ion Iriarte (Gipuzkoa) txirrindulariak, Lazkaon bigarren postua eskuratuta. Helmugara bigarren lekuan iritsi arren, azpeitiarrak lortu zuen Gipuzkoako txapela; lehen sailkatua, Jose Manuel Gutierrez (Gomur), Kantabriakoa (Espainia) baitzen.
Lasterketa gorabeheratsua izan zen larunbatekoa Iriarterentzat. Azken kilometroetan, oso hurbil izan zuen probako garaipena txirrindulariak, baina erorikoa izan zuen azken mendatea jaisten ari zela. "Bakarrik nengoen aurrean, eta lasterketa irabazteko aukera nuela ikusi nuen. Erori ostean, ordea, pentsatu nuen dena galdua nuela", azaldu du Iriartek. Hala ere, txirrindulariak bigarren postuan helmugaratzeko indarrak izan zituen; eta, horrela, Gipuzkoako txapela eskuratu zuen.
"Sendo" sentitzen da Iriarte, eta aurrera egiteko indarra eman dio garaipenak. Txirrindulariaren arabera, aurten ezin izan ditu "nahi adina lasterketa" jokatu, eta lehiatzeko "gogo handiarekin" zegoen larunbatean. "Barruko amorrua atera nuen. Uste dut, hemendik aurrera, aukera gehiago izango ditudala sasoiko nagoela erakusteko".
Datorren astean, hiru lasterketa jokatuko ditu txirrindulariak. Igandean, maiatzak 4, XLIV. Urrakiko igoeran parte hartuko du, Azpeitian.