Urola Erdia, turista askoren opor aukera

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 2a, 13:24

Aste Santuko oporraldiaren balorazio positiboa egin du Iraurgi Berritzen garapen agentziak. %15 hazi da bisitari kopurua iazkoarekin alderatuta.

Aste Santuko oporraldiak ahoko zapore ona utzi die Urola Erdiko ostalari eta eskaintzaile turistikoei, izan ere, Gipuzkoan bezala, zonalde horretan ere %15 igo da turista kopurua, iazko kopuruarekin konparatuta.

Loiolan dagoen eskualdeko Turismo Bulegotik 1.039 pertsona pasatu dira apirilaren 12tik 26ra bitartean. Horietatik 359 Hego Euskal Herriko bisitariak izan dira, eskualdera eguna pasatzera etorritakoak. Gainerakoak Euskal Herrian gaua egin duten bisitariak izan dira, 680tik 480 espainiar jatorrikoak eta gainerako 200 atzerrikoak.

Arrakasta berezia izan dute Zestoako Ekainberrik, Azkoitiako tour gidatuak, Urola Gustagarri egitasmoak eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Azpeitia eta Lasao arteko Lurrun Trenen zerbitzuak, azken honek %26,1 egin du gora iazko Aste Santuarekin alderatuz.

Naturaz, historiaz eta kulturaz gozatzeko moduan ematen duen Bost Geltoki Historian egitasmoaren bitartez ere, turista ugari ibili da Loiolako Santutegian, Lili Jauregian nahiz Algorri interpretazio zentroan.

Iraurgi Berritzeneko Turismo arloko teknikari Jexux Mujikak Urola Kostako Hitza-ri azaldu dionez, oporraldiaren "balantze oso positiboa" egin dute agentziatik. "Aste Santua, gainera, udaberrirako eta udarako etor litekeenaren adierazlea izaten da, eta alde horretatik, emaitzak onak dira", azaldu du.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide