Mikel Bizkarrak irabazi du Urrakiko XLIV. Igoera

Urrakiko irabazleak: Lestido, Bizkarra eta Ibarguren, ezkerretik eskuinera.

Lehen azpeitiarra Ion Iriarte izan da, eta hamargarren postua lortu du.

Mikel Bizkarra (Gomur) lehena izan zen atzo Urrakiko helmugara iristen. 175 txirrindularik jokatu zuten Lagun Onak elkarteak antolatutako lasterketa, eta Bizkaiko Txapelduna izan zen irabazlea. Bigarren sailkatua, Antton Ibarguren (Telcom), hemeretzi segundora iritsi zen; eta hirugarrena, Martin Lestido (Mutua Levante), berriz, irabazlearengandik 49 segundora.

Ion Iriarte (Gipuzkoa) izan zen lehen azpeitiarra, hamargarren postua erdietsita. Iriarte ihesaldian sartu zen, eta beste hemeretzi txirrindularirekin hasi zen igotzen Urrakiko mendatea. Lagun Onak taldeko txirrindulari ohiak erritmoari eutsi zion azken kilometroak iritsi bitartean; baina, azken unean, zatituta gelditu zen aurreko taldea. Irabazlearengandik minutu bat eta 29 segundora iritsi zen azpeitiarra, eta bere taldeko lehen sailkatua izan zen. Ikusi hemen lasterketako sailkapen osoa.

Lagun Onakek ez du atseden hartu

Bestalde, XX. Gipuzkoa Klasikan lehiatu ginen, larunbat goizean. Ez genuen zorterik izan. Euriak baldintzatutako lasterketa izan zen, urduritasun handiarekin, eta txirrindulari asko erori ziren. Erorketa apagarrienak Amezketan eta Olaberriako jaitsieran izan ziren; eta, jakina, gure txirrindulariak ez ziren libratu. Eguraldiari aurre eginez, bost mendate pasa arren (Zerain, Olaberria, Larraitz, Gaintza eta Lazkaomendin helmuga), 40 kilometro orduko batez bestekoa atera zuen garaileak, Fernando Barcelok (Aragoiko Selekzioa). Euskadiko Selekzioarekin lehiatu zen Oier Ibarguren, eta bera izan zen lehen azpeitiarra, 46. postuan. Lagun Onakeko maillotarekin helmugaratu zen lehena, berriz, Asier Iparragirre izan zen 98. postuan. Hemen, sailkapen osoa.

Kadeteen txanda izan zen larunbat arratsaldean, Zestoako lasterketan. 40 kilometro eskas zituzten txirrindulariek, baina ziztu bizian egin zituzten (42km/h). Ihesaldi txikiak egon ziren arren, ez ziren iritsi amaierara; eta, azken aldian bezala, tropelean helmugaratu ziren lasterketako lehenak. Jokin Alberdi (Andoaingo) izan zen azkarrena, Luken Carbayeda (Buruntzazpi) eta Gorka Urkiolaren (Laneko Sport Center) aurretik. Beste behin, hamar lehenengotan sartu ziren Antton Sanjuan (5.) eta Aitzol Odriozola (7.), eta taldekako sailkapenean hirugarren postua lortu zuten. Sailkapen osoa, ikusgai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide