Izarraizko X. mendi lasterketan aurrez izena emateko epea bihar amaituko da. Parte hartu nahi dutenek Internet bidez eman dezakete izena; edo, bestela, egunean bertan izango dute horretarako aukera. Maiatzarren 11n, igandean, izango da lehia, 10:00etatik aurrera, eta 21 kilometro izango ditu lasterketak.
Izen-ematea aurrez eginez gero, txip horia duten korrikalariek 13 euro ordaindu beharko dituzte; txip zuria alokatuko dutenentzat, berriz, 15 eurokoa izango da prezioa. Egunean bertan izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dituzte txip horia duten parte-hartzaileek; eta 20 euro, zuriarekin lasterka egingo dutenek. Horrez gain, txip zuria eskuratzen dutenek itzuli egin beharko dute lasterketaren ondoren.
Joan den urtean, 80 eta 100 lagun bitartean aurkeztu ziren probara; eta aurten, jada, langa hori gainditu dute antolatzaileek, 132 izen-ematerekin. Aitor Unanue antolatzailearen arabera, "zaila" da zehazki jakitea zenbat pertsonek hartuko duten parte: "Zegama Aizkorri maratoia hemendik bi astera izango da, eta horren arabera antolatu ohi du jendeak egutegia. Horregatik, ez dakigu ziur parte-hartzea nolakoa izango den".
Jada guztia prest du igandeko lasterketarako Lagun Onak Mendi Bazkunak. Unanuek adierazi du "guztiek ondo pasatzea" dela taldearen helburua; eta, horretarako, guztien konpromisoa behar dela: "Eskatzen dugu antolatzaileen esanak errespetatzea eta mendia txukun mantentzea".