Azpeitiko Libre lan-taldeak Azkoitiko eta Azpeitiko kirolarien arteko kirol-erronka antolatu du, maiatzaren 24an, larunbatean, 18:00etan ospatzeko. Ekimen horren helburua da epaiketa politikoak salatzea eta Olatz Izagirre eta Orkatz Kultur Elkarteari babesa adieraztea, haiek sententzia atera zain baitaude.
Honako probak izango ditu erronkak:
Lehena arrauna izango da. Jon Unanue Azkoitiko arraunlaria Jagoba Urain azpeitiarrarekin neurtuko da, eta 1.250 metro egin beharko dituzte ergometroaren gainean. Arraun proba plazan izango da.
Jarraian, Jokin Supude azkoitiarrak eta Xabat Manzisidor azpeitiarrak 3,3 km egingo dituzte korrikan. Honakoa izango da ibilbidea: plazatik hasi, Ikasberriko errotondoraino joan, erdigunera itzuli, Anbulategi aurretik pasa, Zelai Luze igaro, Trenaren Museotik Etxe-Zurira jaitsi eta plazan amaituko dute.
Ondoren, Mikel Garate azkoitiarra eta Jon Oiarzabal azpeitiarrak bizikletan 7,5 km egingo dituzte. Korrikalarien ibilbide bera egingo dute; eta, ondoren, eliza atzetik sartu, hilerritik Komuntzo baserrira igo eta handik Prat aldera jaitsiko dira; plazan amaituko dute ibilbidea.
Amaitzeko, Ainhoa Conde azkoitiarra eta Maite Iriarte azpeitiarra lehiatuko dira korrikan. 3,3 kilometro egingo dituzte; gizonen ibilbide bera, hain zuzen. Plazan amaituko da erronka, eta bertan jakingo da azpeitiarrak edo azkoitiarrak izan diren garaile.
Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu goi mailako kirol-proba ikusgarri horretaz gozatuz, epaituei babesa adieraztera. Denon konpromisoarekin lortuko dugu epaiketa politikoak behin betiko amaitzea!