500.000 euro utziko ditu herritarren esku aurten ere Foru Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 8a, 16:10

Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen planak jarraipena izango du aurten ere. Gaur izango da Azpeitiko bilera, udaletxeko bosgarren solairuan, 18:30ean hasita. Maiatzaren 22an, berriz, Urrestillan egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen planak jarraipena izango du aurten ere. Iaz esperientzia pilotua egin zuten Urola Erdian, eta aurten Tolosaldera, Oarsoaldera eta Bidasoaldera ere zabalduko dute egitasmoa. Eremu horietan, herritarrei aukera emango zadie aldundiak diru publikoaren zati bat zertan inbertitu erabakitzeko. Iaz bezala, aurten ere, 500.000 euro bideratuko dira Urola Erdira, eta herritarrek erabakiko dute zertan erabiliko diren.

Prozesu hori gauzatzeko, aldundia hasi da dagobeneko proposamenak jasotzen, eta maiatzaren 18ra bitarteko epea izango dute herritarrek euren ekarpenak egiteko. Pasa den astean etxez etxe banatu zituzten proposamen fitxak biltzeko guneak ere zehaztu dituzte; Azpeitian udaletxean utzi beharko dira, eta bestela aurrekontuen inguruko webgunean idatzi.

Partaidetza tailerrak

Herritarrek egindako proposamenen berri emateko eta lehentasunak ezartzen joateko, partaidetza tailerrak egingo dituzte Urola Erdiko herrietan hil honetan zehar. Gaur, osteguna, izango da Azpeitiko batzarra, udaletxeko bosgarren solairuan, 18:30ean hasita. Eta, maiatzaren 22an Urrestillan egingo dute, Jubilatuen etxean, 18:30etik aurrera. Batzar horietatik eta Urola Erdiko gainerako herrietan egingo direnetatik aterako da eskualdeko prozesuaren jarraipena egingo duen talde sustatzailea.

Dagoeneko abian dira iaz erabakitako zazpi proiektuen gaineko inbertsioak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide