I. Erniarraitz Bertso Kopa jokatuko dute bihar

Uztarria.eus 2014ko mai. 9a, 19:30

I. Erniarraitz Bertso Kopako kartela.

Azkoitiko Elkargunean da hitzordua, 17:30ean. Hamasei beltsolariren arteko lehia izango da; eta, tartean, hiru azpeitiar arituko dira bertsotan.

I. Erniarraitz Bertso Kopa jokatuko da bihar, larunbata, 17:30ean, Azkoitiko Elkargunean. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako egitasmoa da, eta hamasei bertsolarik parte hartuko dute lehiaketan. Hamasei horietatik, hamairu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu dutenak, eta gainontzeko hirurak bailarako bertsolariak dira.

Herrira begira, hiru azpeitiar lehiatuko dira bertso kopan: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Josu Oiarzabal Xenpelar. Horiez gain, han izango dira Iñigo Mancisidor, Jon Martin, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Iratxe Ibarra, Felix Zubia, Oihane Perea, Eneko Abasolo Abarkas, Eneko Fernandez, Iban Urdangarin, Beñar Ugartetxea, Eneritz Artetxe eta Eneritz Arzallus.

Jokin Uranga Erniarraitz elkarteko kidearen hitzetan, bilera batean sortutako ideiatik irten da egitasmoa. Haren arabera, lehiak ez du "inondik inora" txapelketaren zentzua, eta "lagun arteko" bertso saioa izango da. Parte-hartzaileen maila "oso altua" dela nabarmendu du Urangak: "Txapelketako jendea ekarri nahi genuen, eta oso erantzun ona jaso dugu".

Bertso kopara joan nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta prezio horren trukean sarrera eta edaria eskuratuko dituzte. Bestalde, antolatzaileek barra jarriko dute, eta han salduko dute jatekoa eta edatekoa. Lehiaketako gai-jartzaileak izango dira Silvia Etxaniz, Haritz Etxeberria Ministro eta Ane Iriondo.

Arratsalde bateko lehia izango denez, bertso saioaren egitura ere berezia izango da. Lehenik, bikoteka abestuko dute hamasei bertsolariek, zortziko handian. Horrela, bikote bakoitzetik saio onena egin duena pasako da hurrengo txanpara. Gelditzen diren zortzi lehiakideek zortziko eta hamarreko txikian abestuko dute, eta gisa horretara jardungo dute, apurka-apurka, multzoa gutxitzen. Bi sari jarri dituzte antolatzaileek: lehenak asteburu bateko egonaldia irabaziko du, eta bigarrenak jatordua Azkoitiko Joseba jatetxean.

Azpeitiarrak, patxadaz

Azpeitiko bertsolariek garbi dute lagun arteko saioa dela biharkoa; horregatik, haien helburua ondo pasatzea da. Uztarria.com-ek bi bertsolarirekin hitz egitea lortu du. Jokin Uranga "oso lasai" sentitzen da: "Egia esan ez dizkiot buruari buelta gehiegi eman. Azken aldian, plazaz plaza gabiltza, eta biharkoa beste saio bat izango da niretzat". Ondo pasatzea da Urangaren xedea: "Ondoren, afaria izango dugu, eta nire asmoa da arratsalde eta gau polita igarotzea", baieztatu du.

Beñat Lizaso ere Euskal Herriko Txapelketa Nagusian izan zen, Urangarekin batera; eta bihar, berriro, mikrofonoaren aurrean jarriko da. "Ni lasai nago, aspaldian ez dut abestu, hori egia da, baina ondo pasatzera joango naiz Azkoitira", azaldu du Lizasok. Haren arabera, bertsolari onek hartuko dute parte proban, eta "edonor" ibili daiteke aurrean, "ez dago faborito zehatzik".

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide