Komuniyo txikiye

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2014ko mai. 13a, 13:41

Aspaldian sarriegi hasi naiz atzera begira. Baina lasai, zahartrosiak ez nau jo, eta ez nau joko (eta jotzen banau eman koskorrekoa, eskertuko dizut). Alegia, ez dudala gure garaiak, iraganeko garaiak, hobeak zirela, edo izan zirela, inoiz esango. Garaian garaikoa, orain Urkullu eta lehen Garaiko.

Nik ez nuen Jaunartzerik egin, nik komuniyo txikiye egin nuen. Prailez jantzita, oso guapo.
Urte dezente pasatu da baina gauza batzuk gogoan ditut. Argazkiak Kaitorenean atera nituen –gaur egun ixpiziyue dagoen leku berean–; mezetan para bat esaldi irakurri nituen; eta bazkaria Loiolan Amenabarrenekoan egin genuen. Gogoan dut baita ere, plastikozko baloi bat oparitu zidatela eta lurrean zegoen puru batekin zulatu egin zela.  Plastiko puskak ibaira bota nituen (barka bekit Errazkin jaunak).
 
Nire alabak ez du komuniyo txikiye egingo, Jaunartzea tokatzen zaio hari. Eta badugu nahikoa komeria ospakizun egunerako prestaketa lanekin.
 
Zenbat burukomin jauna hartu aurretik. Jantzia, argazkiak, bazkaria... Beraz, lehen eta orain, dena berdin. Komuniyo txikiye eta Jaunartzea, biak bat. Guzti hau, edo hau guztia, Jesus buru duen taldeko kide izateko. Esan eta izan, biak bat? Praile den Pello lagunari galdetu beharrik ez erantzuna jakiteko.
 
Baina dena ere ez da berdin. Gure garaian denok egin genuen komuniyo txikiye. Gaur, erdi eta erdi izan litezke Jauna hartuko duten eta hartuko ez duten haurrak. Nahi duenak nahi duena egitea ere gauza ederra da. Gure herrian denontzat dago lekua, batzuk beste batzuk baino leku gehiago behar badute ere. Fisikak federik ez.
 
Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide