Atxilotu egin dute bonba faltsuarekin etxean itxi den gaztea

Uztarria.eus 2014ko mai. 15a, 19:13

Ezbeharra gertatu den tokira ertzainak, anbulantzia eta suhiltzaileak bertaratu dira, besteak beste.

Artzubia hiribideko 35 atarian gertatu da ezbeharra. Bizilagunak etxetik aterarazi ditu Ertzaintzak.

Lehergailu faltsuarekin etxean itxita zegoen gaztea atxilotu dute ertzainek. Arazo psikiatrikoak ditu gazteak, eta hura atxilotzeko agindua zuen Ertzaintzak.

Azpeitiko anbulatorioko abisua jaso dute ertzainek, gaztea armak eduki zitzakeela ohartaraziz. Ertzainak bere bila joan direnean, 11:00ak aldean, etxean itxi da gizona, eta bonba lehertaraztearekin mehatxatu ditu. Hori dela eta, inguruko etxeetako argia eta gasa moztu dituzte, eta bizilagunak behartu dituzte etxea uztera.

Artzubiko 35 zenbakian gertatu da ezbeharra, eta inguruko karreretako pertsonek laga dute etxea. Gainera, kalea alde guztietatik itxi dute Ertzainek.

Ertzainez gain, gertakariaren tokira joan dira suhiltzaileak eta anbulantzia, eta 15:00ak inguruan Ertzainen unitate berezia ere bertaratu da, eta 16:00ak aldean etxera sartu eta gaztea menderatu dute. Ertzainek jakinarazi dutenez, kableekin eta pilekin egindako lehergailua aurkitu dute etxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide