Bailarako udalek lanpostuak eskainiko dituzte 25 langaberentzat

Uztarria.eus 2014ko mai. 15a, 20:15

Izena emateko epea zabalik dago jada, Lanbiden.

Bailarako udalek 25 langabetu kontratatuko dituzte, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, gaur, osteguna, eman duten prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Udalek esan dute "langabezian dauden herritarrak" kontratatuko direla, eta "enplegu planaren baitan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz" egingo dela. Esan dutenez, "bailara bereziki jo du krisiak", %14,1ekoa baita langabezi tasa Urola Erdian, Iraurgi Berritzenek argitaratu berri dituen apirileko datuen arabera. Hori dela eta, esan dute "langabeziari aurre egin eta enplegua sortzea lehentasunezkoa" dela, eta "horretan ahaleginak egiten" ari direla.

25 lanpostu horietatik lau Iraurgi Berritzenen bidez kontratatuko dira, Gipuzkoako Diputazioaren laguntzekin. Izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute eta Lanbiden egin beharko dela, maiatzaren 23a baino lehen. "Lanaldi osoak, eta bost hilabeterako" izango dira. Honako lanpostuak eskaini dira: KIDETUZ egitasmoko teknikari laguntzailea, enpresa berrien kontsolidazioarako teknikari laguntzailea, hirigintzako eremu lanetarako tekanikari laguntzailea eta herri lanetarako peoia.

Gainontzeko 21 lanpostuak bost proiektu garatzeko kontratatuko dira, enplegu planaren baitan. Honakoa esan dute: "Lan hauetarako ere jada eman daiteke izena, Lanbideko web orrian sartuta; eta, bestela, Azkoitiko eta Azpeitiko lan orientazio zentroetan emango zaie herritarrei informazio osoa". Lanpostu hauek eskeini dituzte: zortzi lanpostu EkoBailara proiektuaren barruan, hiru lanpostu Fabrika Tu proiektuan, bi lanpostu Forma Teu nazioartea proiektuan, hiru lanpostu Forma Teu TICen barruan, lanpostu bat UrolEkinnen barruan eta lau lanpostu Azpeitia ekitenen.

Lanpostuei buruzko informazio gehiago, hemen.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide