Gaur hasiko dira Mendi Astearen baitako proiekzioak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko mai. 20a, 12:38

Arkaitz Astiazaranen Euskal Herriko altxorretan barrena, bizikletaz egindako itzuliaren irudiak ikusi ahal izango dira. 21:00etan hasiko da, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.

Urtero bezala, igandean hasi zen Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Astea. Txalintxoko egunarekin. Igandea bitartean hainbat ekimen izango da herrian, eta igandean bertan Xoxoteko Egunarekin emango zaio amaiera asteari. Adin guztietako herritarrentzako egitaraua antolatu dute eta, besteak beste, mendi irteerak, gaztetxoentzako eskalada ikastaroa eta dokumental emanaldiak.

Hiru dokumental, hiru istorio

Urtero bezala, mendizaletasuna bizitzeko modu desberdinen erakusleiho izango da Azpeitiko Mendi Astea, inguruko eta urruneko paisaiak ezagutzekoa.

Maiatzaren 20an, asteartean, izango da lehenengo proiekzioa. Arkaitz Astiazaranen Euskal Herriko altxorretan barrena, bizikletaz egindako itzuliaren irudiak ikusi ahal izango dira. Lagun Onak MBko lehendakari Aitor Unanuek adierazi duenez, "Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat aurkeztuko digu".

Maiatzaren 21ean, asteazkenean izango da bigarrena, Imanol TelletxearenUda eta negua Eslobenian eskainiko dute, Lagun Onak MBren egoitzan. "Alpeetako alderdi ezezagunena ezagutzeko aukera" emango du saio honek, izan ere, "normalean Alpeak Frantzia, Italia edo Suitza aldetik ezagunagoak dira".

Hirugarren eta azken saioa maiatzaren 22an, ostegunean, izango da, Benan, mendia arnas dokumentalaren estreinaldia, hain zuzen. Xumar Altzugaraik Benantxio Iruretaren omenez egindako lana da. 21:30ean izango da hitzordua, Soreasu antzokian. Hemen, Urola Kostako Hitza-k dokumentalaren egileei egindako elkarrizketekin osatu duen bideoa.

Mendi Astearen egitraua:

- Maiatzak 20, asteartea. 21:00etan Arkaitz Astiazaranen emanaldia, Euskal Herriko altxorretan barrena. Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.

- Maiatzak 21, asteazkena. 21:00etan Imanol Telletxearen emanaldia, Uda eta negua Eslobenian. Lagun Onak MBren egoitzan.

- Maiatzak 22, osteguna. 21:30ean Xumar Altzugaraik zuzenduta, Benantxio Iruretaren omenez egindako Benan, mendia arnas dokumentalaren emanaldia. Soreasu Antzokian izango da.

- Maiatzak 24, larunbata.
- 10:00-13:00, eskalada ikastaroak kiroldegian, gaztetxoentzat. Izena eman behar da elkartearen egoitzan edo sarean: www.lagunonakmb.org
- 16:30ean, Lagun Onak MBren egoitzan, gaztetxoentzako askaria eta azken urtean gaztetxoek egindako irteeretako argazkien emanaldia.

- Maiatzak 25,igandea. Xoxoteko eguna. 09:00etan plazatik abiatuta Xoxotera irteera. 12:00etan meza eta ondoren, mendian hil direnen omenez lore eskaintza eta gaztetxoei domina banaketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide