Giza-katera joateko autobusak antolatu dituzte eta izena eman daiteke dagoeneko

Uztarria.eus 2014ko mai. 21a, 14:54

9:30ean anbulategitik irtengo dira autobus guztiak eta itzulerakoak hiru ordu desberdinetan bueltatuko dira Azpeitira. Izena ekainaren 3a baino lehen eman behar da. Bestalde, Lagun Onak Mendi Bazkunak giza-katean azpeitiarrei egokitu zaien tokira joateko txangoa antolatu dute, eta oinez joaten direnek autobusez bueltatzeko aukera izango dute.

Erabakitzeko eskubidearen alde, ekainaren 8an Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza-katerako antolatu diren autobusak antolatu dituzte, eta izen-ematea ireki da dagoeneko. Giza-katerako izen-emate fitxak bete dituztenek eta autobusez joan nahi dutenek ere autobuserako izena eman beharko dute. Eta, oraindik izena eman gabe daudenek, giza-katerako nahiz autobuserako izena emateko aukera dute oraindik. Azpeitiarrek 45. eta 46. kilometroak osatu beharko dituzte Zumarraga eta Ezkio-Itsaso artean, azkoitiarrekin, errezildarrekin eta zestoarrekin batera.  
 
Giza-katera joateko autobus guztiak 09:30ean abiatuko dira anbulatorio aurretik, baina itzulerarako hiru ordutegi jarri dituzte. Lehenengo autobusa giza-katea amaitzean, 13:00etan, itzuliko da Azpeitira. Giza-katea amaitzean, Bergaran egun osoko festa izango da, eta azpeitiarrek hara joateko aukera ere izango dute. Bergaratik itzultzeko autobusak, berriz, 18:00etan eta 21:00etan irtengo dira.
 
 
Zumarraga eta Ezkio-Itsasora oinez joateko aukera ere izango da, Lagun Ona Mendi Bazkunak mendi martxa antolatu du-eta egun horretarako. Hori dela eta, oinez joan eta  autobusez itzultzeko aukera izango dute animatzen diren herritarrek. Eta, autobusez edo oinez joan ordez, autoan joan nahi duenentzat aparkalekuak egokituko dituztela jakinarazi dute. 
 
Autobusa ordaindu egin beharko da, baina prezioa oraindik zehaztu gabe dagoenez, ordainketa autobusean bertan egingo dela adierazi dute Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikako kideek. Autobuserako izena emateko azken eguna ekainaren 3an izango da eta Sanagustin kulturgunean, Orkatz eta Izaro tabernetan, Azpeitiko Gure Esku Dagok Foru Ibilbidean duen lokalean edo azpeitiagureeskudago@gmail.com helbidera idatziz inskribatu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide