Azkoitia eta Azpeitia arteko kirol erronka jokatuko dute, auzipetuak babesteko

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 21a, 16:50

35/02 eta 36/11 prozedura judizialetan auzipetuta dauden Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunari eta Orkatz kultur elkarteari babesa emateko asmoz, Azpeitiko Libre lan taldeak Azkoitiko eta Azpeitiko kirolarien arteko erronka prestatu du larunbaterako. Bi herrien artean dagoen lehia aprobetxatuz, formatu berrietara jo dute bi epaiketa politikoak salatzeko. Izan ere, joan zen otsailean Frontoi Txikian egin zuten pilota jaialdiak "erantzun ona" izan zuen eta, kirol ekitaldietara jo dute oraingoan ere. "Inoiz ez da egin bi herrien arteko modu honetako erronkarik Azpeitian, eta aukera ona dela uste dugu jendea erakartzeko, giro polita sortzen baita halakoetan", diote antolatzaileek.

Azpeitian, Azkoitiko eta Azpeitiko launa kirolarik eskainiko dute "goi mailako kirol proba ikusgarria". Jon Unanue, Jokin Supude, Mikel Garate eta Ainhoa Conde azkoitiarrek eta Jagoba Unain, Xabat Manzisidor, Jon Oiarzabal eta Maite Iriarte azpeitiarrek osatuko dituzte bi taldeak. 18:00etan hasiko da erronka, plazan, eta Unanue eta Unain ergometroan arituko dira, 1.250 metro egin arte. Errelebotako txapelketa izango da, eta beraz, arraunean amaitu bezain laster korrikako proba hasiko dute. Sudupek eta Manzisidorrek 3,3 kilometrotako ibilbidea egingo dute herrian zehar; plazatik hasi, eta Azpeitiko Ikastola Ikasberri aurreko biribilgunera joango dira, ondoren herrigunera itzultzeko; handik, Zelai Luze, Trenaren Museoa eta Perez Arregi plaza zeharkatuko dituzte, Erdikaletik plazara iritsi arte.

Hirugarren zatia hasiko da orduan, eta Garate azkoitiarrak eta Oiarzabal azpeitiarrak 7,5 kilometro bizikletan egingo dituzte. Korrikalarien ibilbide berdinarekin hasiko dira, baina Perez Arregi plazara iristean, Erdikaleruntz hartu beharrean parrokia aurrera joko dute, eta handik hilerrira, Takolo eta Komunsoro baserriak eta Iraurgi ikastetxe ondotik pasatuko dira, Arana kalearen barrenera iritsi arte. Han, Ikasberrirako norabidea hartuko dute, korrikalarien ibilbide berdinarekin amaitzeko. Conde eta Iriarte korrikalariekin jakingo da zein herrik irabaziko duen erronka; aurrekoek bezala, 3,3 kilometro egingo dituzte neskek.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte proba ikustera; "denon konpromisoarekin lortuko dugu epaiketa politikoak behin betiko amaitzea", esan dute.

Segiko kide izatea leporatuta, 36/11 sumarioaren epaiketan 40 gazte daude auzipetuta, tartean Olatz Izagirre. Fiskalak sei urteko kartzela zigorra du eskatuta haren kontra. Azpeitiko Orkatz kultur elkartea, berriz, Herriko tabernen auziaren barruan epaitu dute, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernuperekin batera. Arduradun zibil gisa epaitu dituzte horiek, elkarteen aurkako neurriak har ditzake epaileak. Auzi horren barruan, gainera, fiskalak Joseba Permach zarauztarrarentzat lau urteko espetxe zigorra eskatuta du, eta Mikel Arregi Ertxin zestoarrarentzat eta Esther Agirre zarauztarrarentzat absoluzioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide