Sanjuandegiko festetan parte hartzera gonbidatu dituzte auzokoak eta herrikoak

Uztarria.eus 2014ko mai. 22a, 13:48

Xj Auzolanean taldeko kideak, auzoko jendearekin.

Maiatzaren 24an, larunbatean, hasiko dira jaiak, umeen egunarekin. Ondoren, datorren asterako, alor guztietako ekitaldiak atolatu ditu Xj Auzolanean taldeak. Hurrengo ostiralean, maiatzaren 30ean, jaitsiko da mantangorri auzora.

Mantangorri Sanjuandegira gerturatzen ari dela-eta, Xj Auzolanean taldeak auzoko festak aurkeztu zituen atzo, asteazkena. Ordezkariek maiatzaren 24an, larunbatean, hasiko diren festetan parte hartzera animatu zituzten auzokoak eta herritarrak, eta eskatu zuten "auzoa alaitzeko" mantangorriren zapiekin, kamisetekin eta maindireekin.

Umeen egunarekin lehertuko da festa Sanjuandegin. Larunbateko ekitaldirako 200 haurrek eman dute izena; eta, iluntze aldera arte, mantangorriren etorrera prestatuko dute guztiek. Ondoren, astean zehar, ekitaldi gehiago egongo dira: maiatzaren 27an, asteartean, Gure Esku Dago taldeak Gazta zati bat dokumentala jarriko du, eta giza katerako izena emateko aukera eskainiko dute, asteartean ez ezik, aste guztian zehar ere bai. Asteazkenean, berriz, bertso afaria antolatu dute Baigera II elkartean, eta ostegunean bi ekitaldi egongo dira: mus txapelketa, Ongi Etorri jatetxean; eta mozorroen gaua, Jim Clarcken.

Mantangorriren jaitsiera

Ostiralean mantangorri auzora jaitsi aurretik, Kulturarteko Jaia ospatuko du Euskara Patronatuak; eta, ondoren, hileko azken ostiraleko kontzentrazioa egingo da. Ostiral iluntzetik aurrera ekintzaz beteta dago asteburua: kontzertuak, dantzariak, bazkariak, afariak eta zezenak izango dira auzoan, besteak beste. Egitarauko afari eta bazkari guztietako sarrerak eros daitezke Izaro, Orkatz eta Jim Clark tabernetan.

Festei amaiera emateko, ekainaren 1ean, igandean, egun guztian zehar, azoka egingo da Azpeitiko merkatarien eskaintzekin, Jose Antonio Agirre plazan.

Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute edalontzi berreragilgarriak eta otorduetako material konpostagarriak erabiliko dituztela festetan, Zero Zabor herri-ekimenarekin bat eginez. Xj auzolanean taldeko kideek nabarmendu dute guztiak daudela gonbidatuta "Sanjuandegiko festetan ondo pasatzera".

Egitaraua osorik:

Maiatzak 24, zapatua: Umeen Eguna.

Maiatzak 27, asteartea.

21:00 Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia.

Maiatzak 28, asteazkena.

20:30 bertso afaria, Baigera II.-n, Jokin Uranga eta Amets Artzallus bertsolariekin.

Maiatzak 29, osteguna.

22:00 mus txapelketa, Ongi Etorrin, eta Mozorro Gaua Jim Clarck eta Garoan.

Maiatzak 30, ostirala: 'Gazte eguna'.

17:30 Kulturarteko jaia.

18:30 auzo-lokalaren irekiera eta luntxa.

18:30 azken ostiraleko elkarretaratzea, preso eta iheslarien eskubideen alde.

19:00 Mantangoriren jaitsiera.

19:05 erraldoiak eta buruhandiak, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek lagunduta.

20:30 gazte afaria.

23:00 saloiko dantzak, Jose Mari Orbegozorekin.

23:00 kontzertuak karpan: Lockheed, Oldarkor, Joxe Replay eta Laket.

Goizaldean: baratzuri zopa-jana.

Maiatzak 31, zapatua: Auzo Eguna.

10:00 judo erakustaldia Kimura Klubaren eskutik, igerilekuan.

12:30 triki-pintxo-poteoa.

13:30 Musika Bandaren kontzertua.

15:00 auzo bazkaria.

17:00 Xanjuandeiko II. Triki Txapelketa.

18:00 txokolatada.

19:00 erraldoiak eta buruhandiak, Skandalue elktrotxarangak lagunduta.

21:00 afaria (parrillada).

23:00 kontzertua eszenatoki handian: Kometa eta Kauta.

Karpan,  DJ Kanutorekin.

Ekainak 1, igandea.

06:00 txokolatada.

07:00 sokamuturra.

09:00 salda.

12:00 dantzari txikiak. 

16:30 haurrentzako poni eta zezenak.

18:30 herri kirolak.

20:00 Mantangorriren igoera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide