Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, gasolioa lapurtzea egotzita

Uztarria.eus 2014ko mai. 23a, 14:11

Bart gauean jazo da gertaera, Oñatz auzoko enpresa batean. Ertzainek jakinarazi dutenez, enpresa barruko kamioietatik ari ziren gasolioa lapurtzen, eta hiru lagunek aurrekariak dituzte "erregaia eta txatarra lapurtzeagatik".

Bart gauean, 01:15ak aldean, hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Oñatz auzoko enpresa batean, gasolioa lapurtzea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, "mugimendu arraroak" antzeman dituzte enpresa baten barrualdean, eta bertaratu direnean gizonezko bat zegoen lantokiaren atarian, ingurua zaintzen. Hiru gizonezkoak lasterka ihes egiten hasi dira ertzainak ikusi dituztenean, baina ezin izan dute alde egin.

Ertzainek enpresara sartu direnean baieztatu ahal izan dute barruan zeuden kamioietatik gasolioa lapurtzen ari zirela hiru lagunak, "gasolioaren gordailuak zabalik" zeudelako eta "ondoan plastikozko bidoiak aurkitu" dituztelako.

Atxilotutako hiru gazteek 20, 22 eta 34 urte dituzte, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, "atzemandako lagunek aurrekariak dituzte erregaia eta txatarra lapurtzeagatik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide